NAFARROA BAIK Euskararen Lege berri bat aurkeztu du
(2010/Abendua/15)
   
 

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean Nafarroa Baiko ordezkariak diren Maria Luisa Mangadok, Paula Kasaresek eta Nekane Perezek gizartearen beharrak bete eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko lege proposamen berri aurkeztu dute


Gaur berean Euskararen Foru Legeak 24 urte bete ditu. Urteotan euskararen egoera soziala anitz aldatu da: Nafarroako euskaldunok gehiago gara, gazteen artean batez ere; euskaraz prestatuta gaude eta euskaraz nahi dugu bizi eta lan egin normaltasun osoz; ez gara Mendialdean soilik bizi, euskaldun jendea Iruñerrian, Estellerrian, Zangotzaldean, Tutererrian… Nafarroa osoan gara.


Gaur 24 urte bete dituen Lege horrek hausnarketa merezi du: euskararen egoera soziala hainbertze aldatu bada, nolatan eutsi dakioke egoera horri erantzuten ez dion lege bati?


Nafarroako gizarteak euskararen aldeko etengabeko apustua egin du: beren herrietako ikastetxe publikoetan euskarazko irakaskuntza ez duten familiendako ikastolak sortuz, euskarazko hedabideak (irratiak, aldizkariak, telebistak…) martxan jarriz edo ETB hartzeko errepikagailuak ezarriz, herrietan euskaltegiak zabalduz… Nafarroako gizarteak bere ekimenez erdietsi du nafar euskaldunondako hainbertze aukera eta zerbitzu Legeak eman ez dituenak, Legeak aurreikusi ez dituenak edo, Legearen izenean, ukatu direnak. Nafarroako gizarteak euskararen bertze lege bat behar du, legeak –lege guztiek xede duten bezala– gizartearen beharrei erantzunen badie.


Nafarroa Baik gaurkoan hausnarketa bat bultzatu eta, gure ustez, euskararen lege batek Nafarroan izan beharko lituzkeen ezaugarriak gogoratu nahi ditu:


Berdintzalea, Nafarroako bi hizkuntza komunitateentzat berdintasuna bermatu nahi baitu. Nafarroako bi hizkuntzek estatus bera izan behar dute legez. Euskarari gaztelaniak duen estatus bera ematea, hau da euskarari ofizialtasuna Nafarroa osoan aitortzea da herritarren artean berdintasuna bermatzeko lehen baldintza. Hizkuntza politikak nafar euskaldunentzat baztertzaileak diren egungo lege-arauak zuzenduko ditu, Foru Hobekuntzako Legearen 9. artikulutik hasita.


Herritarren borondatezkoa, herritarrek aukeran izanen baitute Nafarroako zein hizkuntza erabili eta Administrazioak herritarren borondatea, hautatzeko eskubidea, babestu beharko du.


Hizkuntza eskubideen bermagarria, nafar euskaldunen nola gaztelaniadunen hizkuntza eskubideak bermatzea lehentasuna izanen baitu, eta hori Nafarroan ezarrita dauden Administrazio guztiek kontuan hartu beharreko izanen da.


Ekintza positiboaren eragilea izanen da historikoki zokoratua eta legez menpekoa izan den hizkuntzaren alde. Euskarak gaztelaniarekin parekotasuna lortuko du urteetako kontrako politiken eraginak eta gabeziak berdindutakoan. Ekintza positiboa demokraziak egoera juridikoak berdintzeko erabiltzen duen tresna da.


Malgua, hizkuntza politika Nafarroa osoan aplikatzeko ezarpen mailakatuak ahalbidetzen dituena. Herritarren hizkuntza eskubideak babesteko lurralde osorako gutxienekoak zehaztuko dira baina tokian tokiko egoera soziolinguistikoari egokitutako hizkuntza politika eginen da. Udalek egiteko garrantzitsua izanen dute hizkuntza politikaren mailak eta intentsitateak definitzeko orduan.


Progresiboa, hau da, ofizialtasunari lotutako neurriak arian arian edo progresiboki eta Nafarroako egoera soziolinguistikoa den errealitate dinamikoari erreparatuta aplikatuko dira.


Europarra, Europako baloreekin bat egiten duena eta Erregioetako edo Gutxiengo Hizkuntzen Europako Kartan jasotakoak nola Europako Kontseiluaren gomendioak errespetatzen dituena.


Zeharkakoa, Administrazioaren sail bakar bati lotuta egon beharrean, zeharkako izaera duen politika ildoa izan beharko luke.