Patxi Zabeta Nafarroako presidenterako Nafarroa Baiko zerrendaburuak ohartarazi duenez, “Barcinak beste behin muturreko adierazpen sektarioak egin ditu”. Horregatik, Patxi Zabaletak adierazi du “irainduak ere ez” direla sentitu, “Barcinak agerian utzi duelako nafar on eta gaiztoen arteko bereizketa egiten duela, lehen mailako eta bigarren mailako herritarren arteko bereizketa egiten duela”.
Nafarroa Baiko bozeramaileak eta hautagaiak nabarmendu duenez, “UPNren bekatu handiena da Nafarroako gizartea zatitu nahi izatea; gizarte anitza da, baina ongi txertatua; gizarte ezberdina da, baina kohesionatua. Barcinak akats handi bat egiten du: bere ikuspegi zaharkitu eta atzerakoei eusten die, herritar batzuk bigarren mailakoak, legez kanpokoak eta eskubide gabekoak direla uste baitu”.
“Urte hauetako UPNren gobernuen ezaugarrietako bat da batzuen alde eta beste kontra aritzen dela, guztientzat berdin aritu behar denean, bakoitzaren iritzi politikoak, sinesmen erlijiosoak edo edozein arazoren aurrean dauzkan jarrerak aintzat hartu gabe”, esan du Patxi Zabaletak. Nafarroa Baiko hautagaiaren aburuz, “UPN eta Barcina ez dira iritsi oraindik XX. mendeko laikotasunera, eta XXI. mendean gaude. UPN eta Barcina ez dira igualitarismora iritsi, eta sexu, ideologia, hizkuntza, erlijio edo beste arrazoi batzuengatik diferentziak egin behar direla uste dute; horregatik egiten dituzte horrelako adierazpen atzerakoiak”.
Zabaletak honako galdera hauel egin dizkio Barcinari: “Legearen aurrean lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak daudela uste duzu? Eta horrela ez bada, zergatik ezin daiteke hitz egin alderdi politiko guztiekin?”.
Zentzu horretan, Nafarroa Baiko bozeramaileak adierazi du “Nafarroako gizarteko giroa berotzeko NaBairi eraso egitea jada balio ez duen iruzurra” dela.
Amaitzeko, Patxi Zabaletak esan duenez, “Nafarroa Baik herritar guztiak aintzat hartuko dituen gobernua osatuko du maiatzetik aurrera, eta ez du gobernatuko Barcinak egiten duen liskar eta sektarismotik”.