Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak parte hartu aurretik kazetariei egindako adierazpenetan Zabaletak azaldu duenez, proposamen hori egin zioten Patxi Lopezi, aurreko lehendakariarekin izandako bileran. “Proposatu genion Miguel Sanz Nafarroako presidentearekin harremanetan jartzea eta jarduera hori berak koordinatzea”.
Nafarroa Baiko bozeramaileak agertu duenez, Patxi Lopezek “entzun” egin zuen proposamena. “Hala ere, ez zigun esan proposamen horretan itxaropen handiak zituenik”, ohartarazi du.
Zabaletak azpimarratu duenez, aurreko irailean sinatutako Gernikako Akordioa da “bake prozesuaren bide-orria”, baina bestelako ekarpen batzuk egitea ere garrantzitsua dela ohartarazi du, adibidez, arlo instituzionalekoa.
“Instituzioetan hainbestetan bakeaz hitz egiten bada, hitz egiteaz gainera beste zerbait egin beharko dute noizbait”, esan du Zabaletak. Zehaztu duenez, Patxi Lopez lehendakariari ez zioten formula zehatzik proposatu, “baina bai ahalegina egitea, beti parametro demokratikoen barruan”.