Nafarroa Baik uste du Miguel Sanzek eta Jaques Laserrek sinatutako protokoloa desegokia eta ez-nahikoa dela
(2011/Martxoa/9)
   
 

Patxi Zabaleta Nafarroako Gobernuko lehendakari izateko Nafarroa Baiko hautagaiak Miguel Sanzek eta Jean Jaques Laserrek sinatutako protokoloa “desegokia eta ez-nahikoa” dela adierazi du. Zabaletaren ustez, “beste behin, sinadura protokolo hutsean geratu da, hau da, asmoen adierazpena baino ez da. Baina hemen behar direnak akordioak dira, jarduera ekonomikoa sustatzeaz gainera garapen soziala, kulturala eta ekonomikoa sustatuko duena, komunak ditugulako horiek. Zerbitzuen prestazioetarako akordioak ere sustatu beharko lirateke”.



Nafarroa Baiko bozeramaileak agertu duenez, “elementu komun horiek Europan berezkoa den identitate ikurra osatzen dute eta etorkizunean garatu beharrekoak dira, baina ez da horrela egin. Euskaraz eta euskal kulturaz, garapen enpresarial komunez eta indarrak batuta zerbitzu komunak eskaintzeaz ez dute ezertxo ere esan. Hori guztia ahaztu egin dute, eta egin duten bakarra izan da beraien asmoen berri eman Nafarroako Parlamentua bezalako eraikin historiko baten aurrean, garai batean elkarrekin osatu genuen Europako estatuari inolako aipamenik egin gabe”.