Nafarroa Baik salatu du Nafarroako eskuina beldurraren politikara itzuli dela hauteskundeen bezperan
(2011/Martxoa/31)
   
 

Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko parlamentariak gaur goizean adierazi duenez, “Nafarroako eskuinak, UPN-PPk, beldurraren mamua atera du berriro”, eta ohartarazi du hori egiten duela udal eta Parlamenturako hauteskundeak gainean ditugunean. “Bere kudeaketa politikoari egindako kritikei eta gizartearen gehiengoak nahi duen aldaketari erantzuteko duten bide bakarra horixe da”.



Txentxo Jimenezek gogoratu du 2007ko martxoaren 13an Nafarroako gizarteak manifestazio “lotsagarria” jasan behar izan zuen. “Nafarroa arriskuan zegoenaren aitzakiapean, UPNk eta CDNk manifestaziora deitu zuten, Nafarroako gizartean ageri-agerian zen aldaketa politikorako nahia blokeatzeko”.


Zentzu horretan, Parlamenturako Nafarroa Baiko hautagaiak adierazi duenez, “lau urte beranduago, eta hauteskundeak deitzen diren egun berean eta eskuinaren zikloaren amaierari buruzko eztabaidan kalean denean, ETAko kide bati ustez harrapatutako akta batzuk ateratzen dituzte, non esaten den indarkeria utziko dutela Nafarroaren truke”.


Txentxo Jimenezen hitzetan, “2007ko egun hartan egin zuen bezala, Nafarroa Baik gaur adierazten du Nafarroako etorkizuna erabakitzea nafarrei dagokiela. Era berean, beti oso argi utzi izan dugu ETAk izan ditzakeen helburu politikoez gainera, indarkeriaren erabilera etetea eta bere desagerpena ezin dela egon kalte-ordain politikoei lotua eta Nafarroako etorkizun politikoari buruzko eztabaida herrialdeko indar politikoei eta gizarteari egitea dagokiola”.


“Egoera honetan”, jarraitu du koalizioko parlamentariak, “beharrezkoa da gogoratzea eta salatzea eskuinaren jarrera, Nafarroaren defentsa helburu partidistekin eta politikoekin egiten duelako eta beraiek izan direlako azken 30 urtean nafarrek erreferendum bidez beren iritzia emateari uko egin diotenak autogobernua-Amejoramendua bezalako gai garrantzitsu batean”. Zentzu horretan, gogoratu du hori egin ez duen Espainiako Estatuko 17 erkidego autonomoetako bakarra dela Nafarroa.


“Zergatik 2007an atzemandako dokumentu batzuk jendaurrean aurkezten dituzte 2011n, hain justu, hauteskundeak deitzen diren egunean? Nork dauka dokumentu horietarako sarbidea? Nori egiten dio mesede dokumentu horiek argitaratzea? Eta, batez ere, nori egiten dio mesede?”, galdetu du Txentxo Jimenezek.


Nafarroa Baik uste du dokumentu horiek argitaratzearen atzean dagoela Nafarroan aldaketa politikoa gertatzeko borondatea blokeatzeko eta gizartearen aurrean eztabaidatu beharreko zenbait gai garrantzitsu ezkutatzeko helburua: UPNren eskuinaren kudeaketa ekonomikoa, langabezian dauden 46.000 pertsona, legealdi honetan egin den bazterketaren politika edota eskubideetan eta askatasunetan gertatzen ari diren murrizketak.


Amaitzeko, Nafarroaz eta ETAren existentziaz egin nahi duten erabilera horren aurrean ez nahasteko deia egin dio gizarteari Nafarroa Baik, PSNrekin batera UPNk egin duen kudeaketa txarra ezkutatzeko helburua baino ez dutelako, eta modu horretan, azken 30 urtean pairatzen ari garen ziklo politikoa amaitu eta aldaketarako aukera eta desioa zapuztu nahi dutelako.