NaBaik bere hitza ez betetzea eta UPNren altzora joatea leporatu dio PSNri
(2008/Apirila/15)
   
 

PSNk kudeaketa eskasa egitea leporatu dio Lukiri, baina Nafarroa Baiko ordezkariek azpimarratu dute ez dela kudeaketa txarrik izan Luki agintean izan den bitartean. “Sozialisten erabakiaren atzean botere formula tradizionalak babesteko eta aldaketa politikorako aukerak alde batera uzteko ahalegina dago”.


Hala ere, Nafarroa Baik ez dio erantzun berdina emango PSNri, bere bozeramaileek adierazi dutenez. “Nafarroa Bai erabakigarria izan daitekeen udaletan gobernugarritasuna bermatzeko konpromisoa hartzen dugu”. Beriain, Berriozar eta Burlataz ari dira NaBaikoak.


Gaurko agerraldian Floren Luki Barañaingo alkatea izan da Nafarroa Baiko ordezkarien ondoan. UPNk eta PSNk bere agintaldiaren hasieratik egindako “opisizio suntsitzailea” salatu du.


Udala kudeatzeko erakutsi duen “gaitasun eza” salaketari erantzuteko, bere taldeak aurrera atera dituen ekimen guztiak jasotzen dituen dokumentua aurkeztu du Lukik. Era berean, bera agintaldian izan den bederatzi hilabeteetan ordezkaritza gastuak eta datuak murriztu direla eta herritarren parte-hartzea sendotu dela nabarmendu du. “PSNk ez du ekimen bat bera ere aurkeztu, aurkeztuz gero onartu egingo genuela bazekielako”. Kargua galdu arren, oposiziotik lan egiteko eta ekimen berriak aurkezteko borondatea azaldu du.


Bestalde, Nafarroa Baiko bozeramaile Maiorga Ramirezek bere babes osoa agertu die Lukiri eta Barañaingo Nafarroa Baiko zinegotziei, agintean egon diren denbora “lan duina” egin dutelako.


PSN eta UPN gogor kritikatu zituen, zentsura mozioan esaten dutelako Lukik “era pertsonalistan eta asanbleistan” kudeatzen duela Udala. “Hori kontraesana da, barregarria da; ez dute jakin izan zentsura mozio bat egiten”.


Uxue Barkos Nafarroa Baiko Kongresuko diputatuak bere babesa agertu dio Lukiri. Nabarmendu duenez, Udal Gobernuak “tamaina handiko egitasmo propioak izan ditu”, nahiz eta zinegotzi bat bera ere ez den egon liberatua.


Barkosek gogoratu duenez, Lukik bederatzi hilabete egin behar izan du lan Gizarte Segurantza jaso gabe, UPNk eta PSNk horretarako aukerarik ez diotelako eman. Harro agertu da, arazo horien guztien gainetik Udal Gobernuak lanean jarraitu duelako. “Floren Lukik sakrifizio handiak egin behar izan ditu lan egin ahal izateko. Hurrengo alkateak zer nolako kontratu mota izango duen jakitea geratzen zaigu orain”.


Nafarroa Baik gogoratu du Iruñeko koalizioko zinegotziek beren aldeko botoia eman zutela, Jose Iribas zinegotziak esklusibitate izaera eduki ahal izateko.