Nafarroa Baik eskatu du Euskalerria Irratiari 1998an emandako FMko bi lizentzietako baten titulartasuna onartzea
(2008/Apirila/16)
   
 

Nafarroa Baik gogoratu du irrati emisioetarako FMko lizentziak emateko lehiaketa egin zenetik 10 urte joan direla, eta lehiaketaren garapenaren inguruan zer gertatu zen argitzeko, ikerketa batzordea eratzea adostu zuela bere garaian Parlmentuak. Ikerketa horrek agerian utzi zuen lehiaketa horretan administrazioak izan zuen jarrera, eta horren ondorioz, Parlamentuak espediente horien arduradun Jose Ignacio Palacios sailburuaren jarduna salatu zuen.


Era berean, 2005eko abenduaren 23an Nafarroako Parlamentuak adostu zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea Euskalerria Irratiaren (Iruñeko Komunikabideak S.A. emisoraren izena) administrazio-egoera legeztatzea, bera izan zelako 1998. urteko lehiaketan hirugarren geratu zen erakundea. Lehiaketa horren emaitza ezeztatua geratu zen, Iruñeko Komunikabideak S.A.-k eskatutako ebazpen judizial baten ondorioz. 2005ean Parlamentuak adostutakoa ez du bete oraindik Nafarroako Gobernuak; beraz, mozio horren bidez bilatzen da orduan adostutakoa betetzea.


Gainera, NET 21 S.L. enpresak, adjudikaziodunetako batek, itxita dago egun, eta Euskalerria Irratiak zabalik jarraitzen du oraindik; Euskalerria Irratiak langile asko ditu bere kargura, eta horrek erakusten du lehen enpresa ez zela bideragarria eta bai, ordea, bigarrena. Beste enpresa adjudikazioduna, Nafarroako Unibertsitatea, beste izen batekin eta izaera komertzial gabe emititzen du egun.


Nafarroa Baik gogoratu nahi du hurrengo uztailean 10 urte betetzen direla lizentziak eman zirenetik. Bi lizentzia horien luzapena gauzatu ahal izateko, Nafarroako Gobernuaren ebazpen zehatza egon beharko litzateke. Horrenbestez, mozioan eskatzen da “NET 21, S.L. enpresari lizentziaren luzapena ez ematea, hasierako lizentzia jaso zuenetik 10 urte bete eta gero, eta lizentzia emate hori legezkanpokoa zela jasotzen zuen epaia dagoelako”. Amaitzeko, koalizioaren ekimenak jasotzen du NET 21, S.L. enpresari dagokion lizentzia beste inori ez emateko eskaera.