|
UPN, PSN eta CDN talde parlamentarioek atzera bota zuten atzo lanbide arteko gutxieneko soldataren (SMI) azpitik dauden SOVI pentsioak (zahartzaro eta baiaezintasuneko nahitaezko sorospena) parekatzeko Nafarroa Bairen proposamena, azken pentsioak SMIren azpikoak diren kasuetan. Nafarroa Bai eta IUNen aldeko botoak izan zituen koalizioaren proposamenak. Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko bozeramaileak esan zuenez, SOVI pentsioak “ez dira duinak”. Zehaztu zuenez, azken hilabetean 356,20 euro jaso zituen SOVI pentsioaren onuradun bakoitzak.
UPN, PSN eta CDN talde parlamentaioen hitzetan, pentsio horiek oso baxuak dira, baina haien ustez, arazo horri aurre egitea Espainiako Gizarte Segurantzari dagokio eta ez Nafarroako Parlamentuari.
Zabaletak UPN, PSN eta CDN talde parlamentarioen jarrera txarretsi zuen. “Lotsa eman behar lieke SOVI pentsioa jasotzen dutenen aurrean haienganako elkartasunik ez dutela adierazteak, pentsio hori osatzea elkartasun pixka bat izatea delako. Caminoko autobidea egiteko oparitu diren ehuka milioiek pentsio horiek ehunka aldiz osatzeko ematen dute”.
|