|
Udal taldearen bozeramaile Floren Luquik esan duenez, Kontuen batzordearen bileraren eta 2007 urteko Memorioa Ekonomikoaren entregaren zain egon dira egoera hori salatzeko, nahiz eta UPNk eta PSNk aurreko astean gai horren inguruko agerraldia egin zuten. “Behin datu horiek esku artean izanda, zehaztasunez hitz egin ahal izan dugu Udalaren egoera ekonomikoaren inguruan, eta UPNk eta PSNk esandako gezurrei eta herritarren artean zabaldu zuten alarma egoerari datu zehatzekin erantzun ahal izan diegu”.
“Zehaztasun handiagoa eta biltimarena gutxiago egitea” eskatu dio Luquik UPNri. “Zentsura mozioa arrazoitzeko, hainbesteko lotsa ezin dute izan, eta ez dituzte gezurrak erabili behar. Proiektuak ez garatzearen arrazoia da Barañainentzat proiektu emankorrik ez dutela, eta ez egoera ekonomikoak horretarako aukerarik ematen ez diela. Egoera berean, Nafarroa Baik proiektu asko atera ditu aurrera”. Era berean, Nafarroa Baiko bozeramaileak PSNri ohartarazi dio ez dadila konplizea izan. “Herritarren artean alarma sortzearen eta doako kritikak egitearen konplizea ezin da izan, are gehiago kontuan izaten badugu UPNren lagun akritikoa dela aurreko legealdian PSNk Udalean egin zuen kudeaketa kritikatzerako orduan. Surrealista da. Aurreko astean UPNrekin batera egin zuten prentsaurrekoan, egin zituzten kritikarik gehienak euren buruaren kontrakoak ziren, eta horretaz lotsatu ere ez ziren egin”.
Floren Luquik gogoratu duenez, ezaguna da Barañainek egiturazko defizita daukala, industrialderik edo bere baliabideak sortzeko gaitasunik ez daukalako. “Nafarroako Gobernuak zor historikoa dauka Barañainekin, herria bizitoki bakarrik izatea erabaki zuelako, eta horrek erabat baldintzatzen duelako herria. Gainera, tokiko ogasuna ez du egokitu herri bakoitzaren izaerara, eta horregatik ez da bidezko banaketa egiten”.
Horrezaz gainera, Nafarroa Baik azpimarratu du aurtengo defizita eta iazko defizita antzekoak direla. |