|
Jimenezek ohartarazi duenez, “ponentzia abian jarri zen gure erkidegoko giza, ekonomia, energia edota mugikortasun jarduerak aldaketa klimatikoan nolako eragina daukan jakiteko asmoarekin”. Nafarroa Baiko parlamentariak gaineratu duenez, “aldaketa klimatikoan adituak diren hainbat pertsona batzen ari da ponentzia, bere eraginak zeintzuk diren eta prozesua nola geldiarazi daitekeen jakin asmoz. Ingurumen kontseilariaren iragarpenak agerian uzten du Nafarroako Gobernuak ez daukala interesik ponentziatik atera daitezkeen ondorioen inguruan, ez daukala interesik adituek hiru hilabete hauetan eman dituzten iritzietan eta konponbideetan”. Era berean, Jimenezentzat Nafarroako Gobernuak gidaritza falta ere erakusten du, “talde parlamentarioek Parlamentuan aurkezten ditugun proiektuak bere egiteko premia erakusten duelako”.
Txentxo Jimenezek salatu du Nafarroak behar baino CO2 gehiago emititzen dituela atmosferara. “Nazioarteko eta Espainiako beste erkidego batzuetako konpromisoetatik gora emititzen dugu CO2a, UPNren gobernuak edozein preziotako hazkunde ekonomikoa lehenetsi duelako, eta kasu honetan, ingurumenari egindako kaltea ez du aintzat hatu. Kontseilariak atzo egindako iragarpenak agerian uzten du Nafarroako Gobernuak ez daukala interesik ez sentsibilitaterik aldaketa klimatikoaren arazoari aurre egiteko orduan”.
Bestalde, Nafarroa Baiko parlamentariak Nafarroako gobernuaren “harrokeria” salatu du, “Parlamentuko ponentziatik atera daitezkeen ondorioak eta konponbideak ez dituelako aintzat hartzen; bere plana lantzeko, aurrea hartu du, eta dakigunaren arabera, aurretiaz gertatu den bezala, gai honekiko sentsibilitate falta nabarmena agerian uzten du”. |