|
Komunikabideetatik jakin ahal izan denez, Senda Vivak 5 eurotan jarri zuen sarreren salneurria UPNko militanteentzat, ohiko salneurria 22 eurotakoa denean. Gainera, sarrerako 5 euroak ez zituzten ordaindu behar, parkearen barruan egin zuten bazkarian deskontua egiten zietelako UPNko militanteei.
Jimenezek adierazi duenez, “derrigorrean jakin behar dugu UPNrekin izandako jarrera ohikoa den edo ez. Jakin behar dugu UPNko militanteek bisitak egiteko aukera izan zuten, UPNko militanteen sarrera mugatua izan zen edo alderdiaren festara joan ez ziren bestelako bisitariek 22 euro ordaindu behar izan zituzten edo ez”.
Hori dela eta, honako sei galdera hauek aurkeztu ditu Nafarroa Baiko parlamentariak: “Zein baldintzatan adostu zituen Senda Vivak festa horren ospakizuna eta batez ere parkerako sarrera?, Zenbat pertsona baliatu ziren baldintza berezi horietaz?, Nola bereizi ziren ospakizunera sartu ziren pertsonak eta bestelako bisitariak?, Zein eragin izan zuen UPNren ospakizunak parkearen ohiko funtzionamenduan?, Zein politika komertzialen barruan kokatu behar da akordio hori?, eta amaitzeko, Aurretik antzeko beste akordiorik izan da? |