NaBaik iazko aurrekontuetatik 9 milioi euroko inbertsioa gauza gabe geratu izana salatu du
(2008/Iraila/11)
   
 

Nafarroako kultura departamenduaren aurrekontuen 9 milioi euro ezerezean geratu dira. Juan Ramon Corpas kultura sailburuak ez ditu erabili. Salaketa horixe egin du Nafarroa Baik eta azalpenak eskatuko dizkio Parlamentuan.


Nafarroa Bairen parlamentario Patxi Telletxeak egingo dio galdera Nafarroako parlamentuan kultura sailburuari. 2007ko aurrekontuen azterketa egin ostean, bere aurrekontua gutxien gauzatu duena izan dela agerian utzi du Nafarroa Baik.


Aurreikusitakoaren %88,52 bakarrik gauzatu da, beraz, 9.477.000 euro gastatu gabe utzi ditu kultura arduradunak Nafarroan. Telletxearen iritziz, "ezin da ulertu Nafarroako gobernuak hainbeste diruko aurrekontu partida gauzatu gabe utzi izana, kontuan izanik gainera egiten den kultura eskaintza eskasia".


Era berean, Telletxeak leporatu dio kultura sailburuari "departamenduak gastatu ez duen diru hori udaletxeetara ez bideratu izana, edo beste erakunde batzuetara, askotan diruz larri ibiltzen baitira. 2008an jakin genuen diru-laguntza eta inbertsioen diru partidak murriztu zituela Nafarroako gobernuak, eta orain jakin dugu kultura departamenduak dirua alferrik galtzen uzten duela".