|
Nekane Perez NaBairen legebiltzarkideak prentsaurrekoan salatu duenez, "hainbat aldiz hobekuntzak iragarri dituzten arren, gauzak berdin mantentzeko proiektua aurkeztu du gobernuak. Urtean eman dituzte esaten trantsizio legea zela indarrean zegoena, baina atzera ere ildo berean doan lege proiektua aurkeztu dute". Hori dela eta, "onartezina da testuingurua aldatu gabe eta konpetentziak behar beste ikertu gabe, era horretako birbanaketa proposatzea, hau da, jada daukagunaren oso antzekoa". Horren aurrean, Nafarroako gobernuari eskatu dio beste alderdiekin harremanetan jarri dadila, "egungo gauzak nola dauden ere ez dakigulako".
Diruen birbanaketan mozketak etorriko direla badakitela aitortu dute NaBairen bozeramaileek, baina "hori ezin dugu onartu, gauzak ondo joan direnean gehikuntzarik ez badago, orain ez delako zilegi mozketak egitea. 2004-2007 urte bitartean, zergen bidez jasotako diru kopuruan %57,63ko igoera egon da, baina fondoaren parte-hartzea %13 baino ez da igo".
Perezek aurreratu duenez, Udaletarako 2009-2012 Inbertsio Planari ere zuzenketak egin dizkio NaBaik; tartean, zuzendari planak eta ezohiko planak kentzea eskatu dute, "jadanik bistara dagoen gabezia bat ikusteko ez dugulako urte bi itxaron beharrik". Ildo horretan ingurumeneko plana egitea eskatu du NaBaik "ingurumena hobetzeko balio duten azpiegiturak behar baititugu eta Udalak erabaki dezatela bideratu behar baitugu". |