NAFARROA BAIK HEZKUNTZA DEPARTAMENTUKO AURREKONTU MOZKETA KRITIKATU DU
Nafarroa Baiko parlamentariak diren María Luisa Mangado eta Nekane Perezek kritikatu dute, “pasa den 18an izan zen Pérez Nievasen agerraldian, honek ez zuela inolako daturik eman bere Departamentuko aurrekontu murrizketak direla eta”. “Era ziniko batean konparatu zituen Hezkuntzak behar dituen beharrak beste edozein gasturekin. Dena gastu soziala zela baieztatu zuen, horrela izanda ere, ezin da ukatu Hezkuntza ongizatearen gizartearen oinarrizko zutabea dela”.
“Beste alde batetik kontseilari jaunak bere lasaitasuna aipatu zigun, gizartea murrizketaz ez dela konturatuko erranez. 26 milioiko murrizketaz ez bagara ohartzen bietako bat uler daiteke, tontotzat hartzen gaituela ala orain arte dirua gaizki kudeatuta zegoela. Ez dugu jakinen abenduaren 31 arte zein eta non izanen diren murrizketak, aurrekontuaren exekuzioa ikusi arte. Hala ere, jakin badakigu zenbait arlotan nabaria dela diru falta, esate baterako, langilego ez dozentea kontratatzerakoan, agindutako azpiegituretan, 0-3 urteko zikloan...”, adierazi dute.
“Euskarabidea da gehien sufritu behar duenetariko bat, departamentuko beste alor batzuetan baino 4 aldiz gehiagoko murrizketak aurreikusten dira. Bereziki Nafarroa Baik euskarazko komunikabideentzako dagoen partidaren exekuzio eza salatu nahi du. Batzuk, adibidez, Pulunpe, Esan erran, Guaixe eta Beleixe oso egoera larrian daude. Uste dugu mozketa hau Euskarabideak markatu zituen helburuen kontra doala”.
Beste alde batetik, bajak direla eta irakaslego gainean jarri zituen zalantzei buruzko Nafarroa Baiko parlamentariak adierazi nahi izan dute “ezin dela orokortzat hartu pertsona bakar batzuek egiten dutena; oroitarazi medikuak direla bajak ematen dituztenak irizpide medikoak erabiliz eta ez langileak hartzen duena noiz nahi; eta iruzurra aitzinean Hezkuntza departamentuak, denon hobe beharrez, bere lana egin behar du, hau da, salagarri ikusten dituen kasuak kontrolatu. Ez soilik orain, lehen eta beti”.
“Krisi garaian gaude, eta horrelakoetan Nafarroa Bai argi du Hezkuntzan inbertitu egin behar dela, bere langilegoa formatu, babestu, zaindu, kontuan hartuz etorkizunean izanen dugun giza kapitala Hezkuntza kalitatearen menpe dagoela”, gaineratu dute María Luisa Mangadok eta Nekane Perezek.