Zabaletaren ustean, atentatuen gaitzespenetan segurtasun indarrak aipatzea ez da beharrezkoa
(2008/Iraila/24)
   
 
“Elkartasuna biktimari eta haren ingurukoei adierazi behar zaie, bestelako kontzeptu ideologikorik eman gabe”. Nafarroa Baik abstentzioaren alde egin zuen Nafarroako Parlamentuan heriotza eragin duen azken atentatua gaitzesteko adierazpenaren bozketan, eta era horretara erantzun die Zabaletak kritika horien inguruan kazetariak egindako galderei.

Zabaletak gogoratu duenez, koalizioak adierazpen alternatiboa aurkeztu zuen, eta bertan esaten zenez, “hildako pertsonari eta haren ingurukoei elkartasun osoa helarazten zaie, familiari, lagunei eta senitarteko eta inguru guztiari, eta bestelako kaltetuei ere bai”.


Estatuko Segurtasun Indarren inguruko adierazpenak egiteko “derrigortasunik ez” dagoela azpimarratu du Zabaletak, Nafarroako Parlamentuan NaBaik abstentzioaren alde egin zuenari erreferentzia eginez.


Gogora ekarri duenez, koalizoak orain aurkeztu duen adierazpena “eta, adibidez, joan den maiatzaren 14an Juan Manuel Pińuelen heriotza eragin zuen Legutioko Guardia Zibilaren aurkako atentatuaren ondoren aurkeztu genuenaren oso antzekoa da”. “Horregatik, UPNk, CDNk eta PSNk azaldu beharko dute zergatik onartu zuten orain hilabete batzuk antzeko terminoetan Nafarroa Baik aurkeztutako testua eta orain zergatik ez duten onartzen. Jarrera aldaketa erregionalistek eta sozialistek egin dute, ez guk”.


Zabaletaren ustean, termino horiek erabili behar dira “edozein egoeratan, biktima edozein dela ere, era horretara egin ezean, batzuk fenomeno horretaz baliatu nahi izango dutelako eta biktima kide den erakunde bati gure elkartasuna adieraztea bultzatu dezakeelako”.