Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko parlamentariak gaur goizean esan duenez, aurreko ostiralean Alvaro Miranda Nafarroako presidenteordeak aurkeztutako aurrekontuen aurre-proiektua “orain arte egindakoarekin jarraitzeko borondate argia dauka, azken diru-partidaren izoztea baita berritasun bakarra. Bestelako elementu berririk ez dago. Aitzitik, azpimarragarria da departamentu gehienetan murrizketak egin izana, hazi diren bakarrak herri-lanetakoak eta zementu korporazio handiekin zerikusia duten proiektu erraldoietakoak direlako bakarrik”.
Jimenezek ohartarazi duenez, “Nafarroa Bairentzat ez da egia aurre-proiektuak izaera soziala duenik. Hezkuntza, osasuna, gizarte ongizatea eta antzeko arloetako gastuek diru-partiden gehiengoa hartzea begi-bistako errealitatea da, baina ezin zen bestelakoa izan, horren barruan daudelako administrazioko langileriaren eta langileriaren zati handi bat, eta aurreko ekitaldietatik egonkortuta dagoen gastua delako”.
Koalizioko parlamentariak adierazi duenez, “proiektu horrek gizartean aurrerapausorik egiten ez duenaren adibidea da aipatutako ataletan ere diru-partidak izoztu edo apur-apur bat hazten direla, beti ere 2008-2009 ekitaldiko KPI diferentziala baino gutxiago”.
Txentxo Jimenezentzat, “aurrekontuen gizarte bokazioa izan beharko litzateke krisiaren benetako ondorioei modu zuzenean erantzutea, eta batez ere, krisiak gehien kaltetuko dituen pertsonei begirako neurri bereziak hartzea”.
Hari horretara, honako hau proposatu du Nafarroa Baiko parlamentariak: “Erkidego honetako biztanleriaren bizi-baldintzak zuzentzea eta hobetzea, eta erkidego honetan hobetu daitezkeen azpiegitura guztiak hobetzeko obrak egin, batez ere herrietan. Aitzitik, inbertsio handiak eta zemento korporazioetara joango dira milaka milioi euro, gobernua sostengatzen duten alderdien lehentasuna delako Nafarroako ubidea, AHT eta antzeko proiektu erraldoien alde egitea”.
Jimenezek ohartarazi duenez, “2009ko gure erkidegoko gastu publiko erreala ez dago aurrekontuen proiektuan jasoa, jarduera berezien bitartez egingo delako: Nafarroa Plana 2012, adibidez, 4.200 milioi inbertsioa egingo delako horrekin; hau da, aurrekontu paraleloa da. Beraz, inbertsio soziala gutxiengoen aurrekontu baten bitartez kuantifikatzea faltsukeria da, ez direlako kontuan hartzen aurrekontu gabe eta beste bide paraleloen bitartez xahutuko diren milaka milioi euroak”.