|
Foru Amejoramendua hobetzeko oinarriak eta irizpideak ezarriko dituen ponentzia sortzea proposatu du Nafarroa Baik Parlamentuan. Nafarroa Baiko bozeramaile Patxi Zabaletaren hitzetan, “beharrezkoa da lehenbailehen egitea”.
Zabaletak gogoratu duenez, “aurreko legealdian ere ponentzia bat izan zen gai hori aztertzeko eta helburu berekin, eta horren barruan irizpen bat prestatu zen. Irizpen horretan Amejoramendua aldatzeko 12 proposamen aho batez onartu ziren eta beste 12 gehiengoz onartu ziren. Gehiengoz onartutako proposamenen artean zegoen Estatuari erreferendumak egiteko eskuduntza eskatzea; Andaluzia eta Katalunia erkidegoek, esaterako, bereganatua dute eskuduntza hori beren estatutu berrietan, eta hori aho batez onartu zuten”.
Nafarroa Baiko bozeramaileak agertu duenez, “beste aldaketaren bat egiteko aurreikuspena ere bazegoen, presidenteak bere agintealdia amaitu baino lehen hauteskundeak deituz gero legealdiaren iraupenaren aldaketa aukerari dagokiona, eta hori ere aho batez onartu zen”.
“Aurreko legealdiko ponentziak, hainbat urtetako lanaren ondoren, ez zuen inolako eraginik izan, UPNk eta CDNk erabaki zutelako —garai hartan PPn agintzen zutenen aginduak beteta— estatutuan inolako aldaketarik ez egitea. Hala ere, orduan aztertutako punturen bat aldatzeko premia azaldu berri dute, baina ez besteak. Parlamentua desegitean legealdiak izan beharreko iraupenaz ari gara”, esan du Zabaletak.
Koalizioko bozeramailearen arabera, “Nafarroako etorkizun politikorako garrantzitsuena erabakitzeko eskubidearen berreskurapena da. Interpretazio demokratiko eta modernoa eta eskubide historikoen edo Foruen etorkizunerako aukerak jasotzen dituena bakarrik egin daiteke erabakitzeko eskubidearen interpretazio bat eginez. Erabaki politiko ahalmenik ez zuten akordio izaerako demokraziaren aurreko interpretazioak zaharkituak geratu dira, termino demokratikoetan kontraesanetan erortzen zirelako. Erkidego politikoa da erabakitzeko ahalmena duena, eta Nafarroak bere aurrean dauka Europan izaera hori aurkezteko aukera”. |