Nafarroa Baik Garralda-Otxagabia-Izaba errepidea konpontzeko egiten ari diren lanak kritikatu ditu
(2008/Urria/30)
   
 

Nafarroa Baiko parlamentari Txentxo Jimenezen ustean, Nafarroako Gobernua Garralda, Otxagabia eta Izaba lotzeko errepidean egiten ari den lanek ez diote erantzuten Pirineotako bailarak elkarrekin lotzeko duten premiari.


“Bigarren Errepide Planean jasotakoa baino bi urte beranduago egiten ari dira lan horiek, baina egiten ari direna ezer gutxi da. Zati gutxi batzutan konponketa lan batzuk egitera mugatzen ari dira, eta errepidearen zatirik gehiena ukitu ere ez dituzte egin; gainera, egiten ari diren konponketak ez dira nahikoak errepide zati horietan dauden arazoak konpontzeko”, esan du Jimenezek Nafarroako Parlamentuko Herri Lanen Batzordean.


Nafarroa Baiko parlamentariak gaineratu duenez, “Aezkoa, Salazar eta Erronkari bailak lotzeko errepideari konponbide oso bat emateko eta komunikazio errepide egokia bihurtzeko lanak izatetik oso urruti daude. Errepide horretan dauden bihurgune eta malda arriskutsuek bere horretan jarraituko dute. Zabalera nahikorik ere ez diote emango, eta bazterbideek ere ez dute izango behar bezalako segurtasun tarterik. Errepideak dituen arazoak ez dira konponduko, eta errepide ganorazko bat izateko beharrezko dituen zerbitzuak ez ditu eskainiko”.


Lanak egiten ari diren lekuetan herri-guneren bat badago, bidegurutzeetan oinezkoentzako babesgune txikiak jartzen ari dira erreiak bereizteko. “Porlanezkoak dira egiten ari diren oinezkoentzako babesguneak, eta errepidearen gainean eraikitzen ari dira, garaiera txiki batekin. Oinezkoentzako babesgune horiek oso arriskutsuak bihurtuko dira, batez ere neguan, inguru horretan hainbeste egiten duen elurrak estaltzen dituenean. Gainera, elurra kentzeko makinentzako oztopoa izango dira, eta ezin izango dute errepidea behar bezala garbitu”.


Horregatik guztiagatik, obrak egin behar baditu etorkizunerako ikuspegi batekin egitea eskatu dio Nafarroa Baik Gobernuari, eta Pirineotako bailarak elkarrekin lotzeko errepidea modernoa eta erabilgarria izatea exijitu du.