Nafarroa Baiko bozeramaile Txentxo Jimenezek esan duenez, “lanpostuen galerak eta langabeziaren hazkunde izugarriak, Estatuko gainontzeko erkidegoetakoa baino dezente handiagoa bataz beste, agerian uzten du gure erkidegoko ekonomiak dituen zailtasun handiak eta egungo egoera oso zaila dela, eta hori guztia UPNren eta Miguel Sanzen 14 urteko politikaren ondorioa da”.
Nafarroa Baiko parlamentariak ohartarazi duenez, “2.400 pertsona langabezian geratzea eta horrek eragindako frustrazioak eta etorkizunerako arazoak erakusten duten errealitate gordin horren aurrean, Nafarroako Gobernuak eta sustengatzen duen UPN alderdiak erabateko despistea erakusten dute, gure erkidegoko eskuin UPN-PPren desegiteak eta zatiketak eragindako ika-mika pertsonaletan buru-belarri sartuta dabiltzalako”.
Jimenezek esan duenez, “Nafarroako eskuina osatzen duen konglomeratu hori eskaintzen ari den ikuskizuna benetan tristea da”. Gaineratu duenez, “Sanzek boterea galtzeko duen beldurrak eta boterean mantentzeko duen obsesioak eraman gaitu ikuskizun triste horretara, eta horretan galtzaile bakarrak Nafarroako gizartea eta herritarrak dira. Hala ere, edozein gobernuren ahalegina, arreta eta kezka gure erkidegoa eta milaka nafar bizitzen ari diren egoera zailari konponbidea bilatzera mugatua egon beharko litzateke”.
Nafarroa Baiko parlamentariaren ustean, “gure erkidegoko 27.000 langabetuek bizi duten arazo pertsonal eta familiarrei aurre egiteko neurriak proposatzen egon beharko litzateke gobernua. Era berean, ahalik eta lanpostu gutxien galtzea bermatzeko, zerbitzu publikoei eusteko eta krisiak gizartean ahalik eta gutxien eragiteko neurriak aztertzen egon beharko litzateke Nafarroako Gobernua”.
Hala ere, hori ez dela gertatzen uste du Jimenezek. “Ulergaitza da nola ikusten ari garen egunero Nafarroako Gobernua, presidentea buru dela eta sustengatzen duten alderdien babesarekin, gai jakin batekin, eta gai horren inguruan nola ari diren egunero hizketan azken bi asteotan: alderdien arteko euren gatazka eta UPN-PP haustura”.
Modu horretara, Nafarroa Baiko parlamentariak esan du Miguel Sanz eta UPNren gobernua erabat agortuta daudela, eta krisi ekonomikoari aurre egiteko gaitasunik gabe dagoela erakusten ari dela. “Gizarteak eskatu zuen aldaketa politikoa gertatzeko bazter batera egin behar dutela eta egun dauden arazoei aurre egiteko neurriak ezarri behar dituztela pentsatu beharko lukete, baina hori egin beharrean, aginteari nola euts diezaioketen kezkatzen ditu gehiago”.