Maiorga Ramirezen hitzaldia, Nafarroa Bairen izenean Foru Komunitatearen egoerari buruzko 2008ko eztabaida
(2008/Azaroa/6)
   
 

DISKURTSOA IRUDIETAN


ERANTZUNA IRUDIETAN


Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida honi ekin diogu gobernu hau osatu zenetik urtebete eta hiru hilabete igaro ondoren. Gizarteak zeukan aldaketa-nahiaren aurka eratutako gobernu bat, aurka egiten diona hautestontziek erakutsitako gehiengo aurrerakoi eta anitzaren araberako kudeaketa-eredu alternatibo baten aukerari. Aldaketaren aurkako gobernu bat, azken finean.


Sanz jauna, zure gobernua izan da PPk eta PSOEk Madrilen eta ateak itxita eginiko akordio baten fruitua. Zu orain lehendakari zara Espainiako zentralismoak hala erabaki duelako. Harrokeriaz aldarrikatzen duzue zuen nafartasuna, baina gero, gizarte honek kontrako jarrera agertzen dizuenean, inolako durduzarik gabe joaten zarete Nafarroatik kanpora aliatuak bilatzera, halako ausardia demokratikoa inposaketaren bitartez deuseztatzeko.


Une hartan Ferraz izan zen. Alderdi Sozialistak traizio egin dio ildo progresista baten alde emandako hitzari, eta boterean betikotu egin du inolako zantzu progresistarik antzeman ez diogun gobernu bat. Aitzitik: UPNrena da garaipen ideologikoa, haren alde eman izan baitute beren botoa sozialistek, sistematikoki, Legebiltzar honetan. PSOEko jaun-andreok: hasieran, zuek "aldaketa" hitza hartu zenuten ahotan, zertarako eta, azken batean, UPNk Nafarroan aurrera eramaten duen bazterketa-estrategiarekin bat egiteko, zuen ondare ideologikoa alferrik galduz gobernu honen jarduera negargarriari babesa ematearren.


Berdin du PSN Miguel Sanzen kabinetean sartzen den edo ez den. Jadanik, elkarrekin batera ari dira gobernu-lanean. Orain PPrekin hautsi dutela-eta, Nafarroan alderdi politiko bateratua sortuko balute bezalaxe. Gutxienez ere, modu horretan bategite horri emango liokete gaur egun ez daukan zilegitasuna, eta ofizialki bihurtu ahalko lirateke praktikan eta eginbidez Parlamentu honetan ordezkatzen ari diren zentro-eskuin horretako partaide.


Norbere ideiekiko konpromiso-falta erabatekoenak bakarrik esplika dezake Alderdi Sozialistak hamabost hilabetean bere hitza jatea Nafarroa Bai eta IUrekin adostu zuen aurrerabide eta bizikidetasun programaren edukiari dagokionez. Areago: baita bereak diren posizioei dagokienez ere, Nafarroan harmoniazko bizikidetasuna lortzeko funtsezkoak diren arlo delikatuetan; esate baterako, Euskararen Legearen aldaketa. Aldendu egin dira baita 0-3 urtekoen zikloa garatzearren oposizioak egin duen eskakizunetik ere. Guztia, UPNrekin dituen konpromisoak betetzeko prest. Ez naiz ari esames hutsetan oinarrituz; izan ere, konpromiso horietakoren bat prentsan argitaratua izan da; adibidez, eskuinak eginiko eskaera, euskararen Legea ukitu gabe uztearena, 2007ko uztailaren 31n aipatu zen prentsan.


Hain itsututa daude alderdi barreneko ika-mikekin eta boterea lortzeko norgehiagoka pertsonalekin, non bizkar eman baitiote gobernu-eginkizunari; eta horrekin orientaziorik ezaren eta babesgabetasunaren kutsua duen sentsazioa ematen diete herritarrei, Foru Komunitatearentzat konplexua den une ekonomiko batean.


 Are gehiago: Nafarroako bizitza publikoa ikuskizun irrigarri bihurtu dute. Halakoa da beren koherentziarik eza, non, alde batetik, Miguel Sanzek Estatuko Aurrekontu Orokorrak irakurri gabe iragarri baitzuen UPNk bidea erraztuko ziela, eta bestetik, PSNk babesa emango baitie Nafarroakoei, aldez aurretik aztertu gabe murrizketa sozialak larriak direla, erkidego honen etorkizuneko garapenari dagozkion esparru estrategikoen finantzaketa ere arriskuan jartzeraino. Nafarroako Unibertsitate Publikoaz ari naiz hitz egiten. Kasu guztiz esanguratsua da, biren arteko gobernu honek aurrekontu-alorrean erakutsitako aldrebeskeria noraino iristen den erakusten duena.


Nafarroa Bairen ikuspegitik, alderdi politikoen zeregina da herriarentzat baliagarri izatea, eta ez, ordea, herriaz baliatzea. Alabaina, oraintxe bertan bizi dugun une delikatu honetan, batzuen lehentasuna ez da krisiari eta bere ondorio sozial eta sektorialei aurre egitea. Haien kezka, ia-ia bakarra, haien arteko aliantza politikoari eustea da, kosta ahala kosta, boterean elkar blindatzeko.


Halaxe adierazi zuen jendaurrean Foru Gobernuko lehendakari Miguel Sanzek: bere maniobren zergatia irrika hori da, Nafarroa Bai gobernura inoiz ere ez iristearena. Beste behin ere, eskuinaren asmoa da bere erabakien argudio bihurtzea euskal nazionalismoaren eta lurralde honen euskal nortasunaren kontrako bere sektarismoa. Mesedez, ez egotzi Nafarroa Bairi zuen arazoak eta ezintasunak.


Betiere, hori da UPNren jarrera. PPrekin nahiz PPrik gabe.


Izan ere, PPrengandik bereizteak ez du ezertan aldatzen Unión del Pueblo Navarroren ideologia ultrakontserbadorea eta Nafarroa ulertzeko duen modu patrimonialista. Orain dela urte eta erdi, Gobernu honetako kideek Iruñeko kaleetan aho batez oihukatzen zuten PSOEren Gobernuaren kontrako lelo temati hura: “Nafarroa ez dago salgai”. Orain, Miguel Sanz jaunak berriz ere pizten du alarmismoa, eta Nafarroaren haustura darabil ahotan, UPNren oinarri sozialaren aurrean bere estrategia justifikatzeko, eta beste behin nahasten ditu bere alderdiaren interes partikularrak eta erkidego honen interesak.


PSNko jaun-andreok, planteamendu honekin ados al zaudete? Bat al zatozte Foru Parlamentuko lehen indar progresista zokoratzeko estrategiarekin?


Azken urte eta erdian Legebiltzar honetan izan duzuen jarrera ikusita, baietz uste dut.


Uler dezakegu UPN urduri egotea, Nafarroan azken hamarkada hauetan gogoko zuen guztia egiten utzi dion gehiengoa galtzeagatik. Uler dezakegu beldur izatea, Foru Komunitateari buruz duen ikusmolde fundamentalista dela medio, bere proiektuaren aurrean alternatiba gisa haz daitekeelako Nafarroa Baik gorpuzten duen aldaketaren aukera, eta erakundeetan sar daitekeelako. Baina ulertezina da PSNk albo batera uztea bere ildo naturala izan beharko lukeena, Parlamentu honetako gehiengo progresistarekin bat egitea alegia, Unión del Pueblo Navarro zurkaizteko.


Oposizioko lehen indar politikoa garen aldetik dagokigun erantzukizunari jarraikiz, azpimarra jarriko dugu, eztabaida honetan, Foru Komunitatearen egoera errealean, lehendakariak aurkezten digun Nafarroa birtualaren aitzinean. Eta UPN, CDN eta PSNren gobernu-jardun bateratua baloratuko dugu. Zeren Alderdi Sozialista Miguel Sanzen gobernuaren hirugarren hanka bihurtu da, gobernu hau eta bere ekintza guztiak posible egiten dituen neurrian.


Egoerak ez du fribolitaterako tarterik uzten: zentzutasuna eta analisia behar dira, gobernu honen jardunean gehien falta dena hain zuzen ere; izan ere, ideia faltaren erakusgarri dira proposatzen dituen neurri ezegokiak, planifikatu gabeak eta zaharkituak, askotan inkoherenteak ere direnak.


Nafarroa Baik, berriz, aldaketa politikoaren parametroak finkatu zituen duela hainbat hilabete, eta horretan sinesten jarraitzen dugu. Eta Nafarroa beste modu batera goberna daitekeela eta gobernatu behar dela defenditzen jarraitzen dugu.


Horregatik, bada, kudeaketa arloko akatsak eta gabeziak nabarmentzeaz gain, mahai gainean jarriko ditugu gure ustez larrienak diren arazoak eta erkidego honek gaur egun nahiz etorkizunean izango dituen erronkak.


Filosofia progresistako proposamenak egingo ditugu, uste sendo batetik abiatuta: Nafarroak badu ahalmen politiko nahikoa, hemen elkarrekin bizi garenon beharrizanei begira egokienak diren tresnak definitzeko.


AUTOGOBERNUAREN DEFENTSA


UPNk beti gutxietsi du gure autogobernurako gaitasuna. Nafarroari dagozkion eskumenak eta eskubideak aho txikiarekin defenditu ditu, eta hori izan da erkidego honen garapen politikorako oztoporik nagusiena.


Pozten gara urruntzen baldin badira ez Nafarroa ez bere foru araubidea sekula errespetatu ez dutenengandik; izan ere, bere kide ohiak, Alderdi Popularrak, sei konstituziokontrakotasun-errekurtso aurkeztu zituen, jendaurrean erdeinatzen ditu foruak eta gure zerga araubidearen aurkako erasoak egiten ditu gobernatzen dituen erkidegoetan.


Baldin eta zuen alderik espainiazaleena denarekin hausteak esan nahi badu zuen printzipio foruzaleei berriro heldu behar diezuela, baliteke bidearen zati bat guk zuekin batera egin ahal izatea. Nik proposatzen dizuet, eta are gehiago gaur egungo egoeran, Espainiako gobernuari exijitzea Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren blindajea, Bardeako natur parkearen titulartasuna, tiro-poligonoa kokatuta dagoeneko eremua barne, eta egiteke dauden eskumenen presako transferentzia, batez ere berrikuntzaren eta lanaren arlokoak. Nahitaezko baliabideak dira horiek, Nafarroak gaitasunez eta etorkizunarekiko irekitasunez aurre egin ahal izan diezaion egoera ekonomiko eta sozialari.


Aukera izango dugu, bai, hurrengo Transferentzia Batzordean gai hau jorratzeko. Bidenabar esanda, Nafarroa Baik eskaturiko batzorde horrek bost urte eta erdian egiten duen bigarren bilera besterik ez da.


 Benetan espero dugu, orain PPren loturetatik aske zaudetenez, alde batera utziko duzuela gai hauek aztertzean izan duzuen jarrera zinikoa, eta erabakitasuna erakutsiko duzuela Nafarroaren interes orokorren defentsan. Izan ere, joan den otsailean, Nafarroa Bai Nafarroako indar politiko bakarra izan zen, Europar Batasuneko erakundeetara jo zuena gure zerga-araubidearen zilegitasuna defendatzera, Europar Komunitateen Auzitegian eginiko ahozko epaialdia zela eta. Zorionez, epaia positiboa izan zen, "oso garrantzitsua Nafarroarentzat", Álvaro Mirandak, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, esan zuenez, nahiz eta ez zuen ezertxo ere egin epai hari bidea errazteko. Epaiak ez du guztiz bermatzen gure autonomia ekonomiko eta finantzarioa errespetatua izatea; horrenbestez, UPNri dei egiten diogu Nafarroa Bairekin bat egitera eta Madrilen haren babesa eska dezan.


Duela gutxi, Parlamentu honetan autogobernuari buruzko lan-taldea berriro irekitzea proposatu zuen Nafarroa Baik. Nafarroa baita beren estatutuen eraberritzeari ekin ez dioten erkidego urrietako bat, eta, erkidego historikoen artean, erkidego bakarra. Horren zergatia da erkidego honetako gobernua daukatenen borondaterik eta gogo politikorik eza.


Foru Hobetzeak bere jatorrian zituen defizit demokratikoak oraindik ere edukitzeak –nafar herritarren heren bat kanpoan uztea eta herriaren babesik eza– agerian uzten du erkidego honetako gobernuan hogeita hamar urtez egon direnek demokraziari buruz daukaten ikusmolde eskasa.


Are gehiago, eta aitzitik: arrazoi gisa aipatuz "Ez dadila gerta nafarrak erotu egiten direla" argudio negargarria, UPNk proposaturiko aldaketa bakarra izan da Konstituzioko Laugarren Xedapen Iragankorra ezabatzea; hain zuzen ere, nolabaiteko erabaki-ahalmenta aitortzen digun bide bakarra.


Jarrera horrek askatasunari beldur zaiola agerian uzten badu ere, horren aurrean Nafarroa Baik beti defendatuko du mugak zabaltzearen jarrera demokratikoa eta beharrezkoak diren lanabesak sortzea, Nafarroako gizarteak aukera izan dezan afera apalei nahiz gai handiei buruz erabakiak hartzeko. Helburu horretan, indar politiko guztiok bat egin beharko genuke.


Aldez aurretik jakin behar duzue beti izango dugula elkarrekin bat egiteko aukera, baldin eta Nafarroa subjektu politiko gisa ikusten bada, eta ez estrategia eta interes arrotzen objektu gisa. Eta bere garapen instituzionalerako proposamenei baiezkoa emango diegu, baldin eta Nafarroaren aniztasuna eta bere biztanleen erabaki-ahalmena errespetatzen badute.


Baina aniztasunari bizkar emateko eta Nafarroako errealitate sozial, politiko eta sindikalaren zati bat kanpoan uzteko estrategian tematzen bazarete, aurrez aurre aurkituko gaituzue. Zeren eta, gure ustez, erkidego honen egituraketarako nahitaezkoa baita bere aniztasun berezia errespetatu eta kudeatzea.


Eta hain zuzen helburu horretan, erabateko porrota izan dute orain arte egon diren Nafarroako Gobernu guztiek. Zuk, Sanz jauna, elkarrizketa eskaini zenuen zure inbestidura-hitzaldian, baina ezezkoa eman diozu oposizioko lehenbiziko indar politikoarekin bilerak egiteari; ezezkoa, baita une ekonomiko honetan ere.


Okerra zuzendu beharrean, nafar guztien urrezko domina eman diozue UGT, CCOO eta CENek gorpuzten duten kontzertazio sozial baztertzailearen ereduari. Alde batetik, emandako zerbitzuen ordainketa klientelista, eta bestetik, aurrerapen bat ere bai, "ondo portatuko direla" bermatzeko, krisi-garai nahasiak etortzekoak direla aurreikusten den une honetan. Zalantzarik gabe, UPNk nabaritzen du bere aginte politiko eta ekonomikoa pitzatzen ari dela, bere ahalegin guztiak gorabehera, eta aginte hori indartu nahi du, lankidetza-formula hori adibide gisa ipiniz eta beste esparru politiko eta instituzional batzuetara ere hedatzeko saioa eginez.


Zuen gustukoa izan nahiz ez izan, Nafarroaren berezko osagai bat da eta ordezkatzen du Nafarroa Baik. Zuek ordezkatzen duzuena bezain berezkoa (edo are gehiago).


Interes alderdizaleak direla-eta gobernutik eta erakundeetatik urtetan arduragabeki sustatu duzuen eredua, Nafarroa erretxindu eta tirabiratsu batena, jadanik ahituta dago. Zuek hala aitortuta nahiz aitortu gabe ere, kontua da zuen proposamena, elkarrekiko borrokan erdibituriko gizarte bat sortzearena, ez dela baliagarria. Ez zarete bizikidetasun-giroa eskaintzeko gai, eta halakorik ez duzue nahi ere. Horixe da zuek Nafarroarako daukazuen proiektuaren arazoa.


KRISIAREN AURKAKO NEURRIAK


Zuen eredu fiskal eta ekonomikoak ere huts egin du, eta desegokia eta eskasa da une honetan, hain zuzen ere beste planteamendu orokor batzuk egin beharreko garai berri honetan. Horixe da atera dugun ondorioa, krisiari aurre egiteko UPNko Gobernuak prestatu eta PSNk babestu dituen neurriak aztertu ondoren.


Nafarroa Bain, aurretiko baldintza bat dugu abiapuntu: ezin da ontzat eman, inoiz ere, gobernu batek gastu publikoa gutxitzea, eta are gutxiago une ekonomiko txarretan.


Baldintza hori eta beste gogoeta batzuk direla eta, gure ondorioa da UPNk gidatzen duen eta PSNk babesten duen gobernu honek ez duela asmatu krisiari aurre egiten.


Nafarroa 2012 Plana: Gobernuak dauzkan “zorren” bilduma


Hilabeteak eman ditugu exijitzen eta proposatzen Nafarroako egoera ekonomikoari buruzko aurretiko diagnosi bat egiteko, egungo egoera ezegonkorrari behar diren bermeekin aurre egiteko moduan egon gaitezen. Parlamentuan ez digute kasurik egin, baina arrazoia eman digute, haren premia Moderna Planaren lehenbiziko faserako ezarri baitute.


Urtarrilean Gobernuari planteatu genion zor publikoa aztertzeko beharra, inbertsioei eusteko eta krisialdirako baliabideak handitzeko. Horretan ere ez gintuzten aintzat hartu, baina aurreikuspen hori ekonomia berrabiatzeko neurrien artean sartu dute azken unean.


Gobernu honek krisialdiaren aurka planteatu duen proposamenik garrantzitsuena Nafarroa 2012 Plana izan da. Baina, behin eta berriz esan dugun bezala, Gobernu honek azpiegituren arloan azken urte hauetan pilatu dituen “zorren” bilduma bat besterik ez da. Proiektu gehienak herri lanetan oinarritzen dira, eraikuntzaren sektorearen jarduera areagotzeko. Edozein eskuliburutan topa daitezkeen konponbideak, azken batean.


Eredu fiskal okerra eta bidegabea


Argi geratu da zuen eredu fiskalak soilik balio duela munduko ekonomian haizeak gure aldera jotzen duenean. Probatu behar izan denean Nafarroak egitura sendoa duela eta merkatuaren gorabeheren gainetik zerbitzu publikoak bermatzeko gauza dela, orduantxe geratu da agerian egitura guztiz ahula dela.


Eta, gainera, eredu bidegabea da. Eta horren arrazoiak emango ditut:


- UPNk errenta handien mesederako aldaketak finkatu ditu, oraingoan PSNren babesarekin.


- Diru-bilketak behera egin duela argudiatzen dute aurrekontuetako murrizketak justifikatzeko, baina Ondarearen gaineko Zerga kendu nahi dute, hain zuzen ere, urtero 70 milioi euro ematen dizkiona Foru Ogasunari.


- Tematu dira 400 euroko itzulketaren neurria aplikatzen, nahiz eta neurri horrek Foru Ogasunari 63 milioi euroko kostua ekarri. Premia handiena dutenek ez dute diru hori eskuratuko, eta demostratuta dago neurriak ez duela balio izan kontsumorako pizgarri gisa.


- Baina ez dute bermatzen tarifa deflaktatuko dutenik, nahiz eta neurri hori askoz arrazoizkoagoa eta zuzenagoa izan.


- Hala eta guztiz ere, ez dute inongo neurri fiskalik iragarri aurrezkia eta energiaren erabilera efizientea sustatzeko. Horrekin, gerta daiteke helburu horiek bigarren mailara pasatzea enpresen lehentasunetan.


- Ez dute ezta planteatu ere, errenta handiei zerga handiagoak ezartzea eta eskuinak gehiengo osoa zuenean egindako azken aldaketak zuzentzea. Nafarroa Baik, ordea, horixe proposatu zuen.


Ez dituzte baliatu arlo horretan dauzkagun eskumenak, eta haien ikuspegiaren erreferentea ez da sekula izaten zerbitzu publikoen berme soziala sendotzea.


Ekonomia berrabiatzeko neurriak, desegokiak


UPNk eta PSNk ekonomia berrabiatzeko onetsi dituzten neurriak ez dira egokiak, ez datoz bat gure autogobernurako gaitasunarekin. Eta administrazio publikoak diru-sarrerak izateko gaitasuna ahultzen dute, hain zuzen ere zerbitzu publikoak eskaintzeko baliabide gehien behar diren unean, krisialdietan halakoen premia handiagoa izaten baita beti.


Datu bakarra emango dut: oinarrizko errentaren eskariek % 26 egin zuten gora 2008ko urtarriletik. Orain arte klase ertainean kokatuta egon den jende ugarik zerbitzu publiko gehiago eskatuko ditu hemendik aurrera.


DEPARTAMENTUEN ARTEKO BANAKETA


 2008ko aurrekontuetan murrizketa batzuk egin dira gobernuaren arlo guztietan, baina Parlamentuak ez du halakorik onetsi, eta PSN horren konplizea da. Eta konplizea da, halaber, 2009ko aurrekontuetan Gizarte Ongizatearen funtsezko zutabeak diren departamentuetan aurreikusitako finantziazio-murrizketetan: osasuna, hezkuntza eta gizarte ongizatea. Zuen planteamenduek zorroztasuna gainditu eta zerbitzuen kalitateari –eta, zenbaitetan, bideragarritasunari berari– eusteko benetako arazoak iragartzen dituzte.


Aurrerabideko Gobernuaren aldeko akordioaren erreferentzia Europako Barne Produktu Gordinaren inbertsioaren batez bestekoa zen, eta Nafarroa adierazle horren parean jarri nahi genuen. Alabaina, UPNren gobernua, PSNk babesten duena, batzuetan Estatuko batez bestekoaren azpitik dago.


OSASUNA


Osasunaren arloan, BPGaren inbertsioaren Europako batez bestekoa % 6,5 eta Espainiakoa % 5,9 diren bitartean, Nafarroan soilik % 4,5eko inbertsioa aurreikusi da heldu den urterako


 Krisialdi betean gaudenean, eta dirua biltzeko arazoekin, UPN-CDN-PSNren gobernuak osasun sistema mistoari eutsi dio, eta 2009rako ekimen pribaturako aurrekontua handitu du. Itxaron zerrendak oraindik ere konpondu gabeko arazoa dira. Izan ere, 2000ko urtarrilean 31.000 pertsona zeuden itxaron zerrendetan Nafarroan. Aurtengo urtarrilean, berriz, 67.000 pertsona zeuden. Bi halako baino gehiago, jaun-andreok. Gobernu honen filosofia da publikoa dena hondatzea eta horrekin ikuspuntu sozialetik justifikaezinak diren pribatizazioak justifikatzea. Eta zer esan oinarrizko osasun laguntzako zentroei eta bereziki mendian pairatzen den fakultatiboen premia larriari buruz. Nafarroako osasun sistemak aspaldian utzi zion puntakoa izateari. Hori iragana besterik ez da. Eskuinak gobernuan hamasei urte eman ondoren, osasuna atzerabidean dago nabarmen.


HEZKUNTZA


Hezkuntza da gizarte baten oparotasunerako berme eta balio nagusietako bat. Hortaz, hezkuntza konbentzimenduz sustatu behar dugu, baina ezin da halakorik egin baldin eta Barne Produktu Gordinaren 3,2 bakarrik inbertitzen bada, Europako batez bestekoa % 5ekoa delako. Begi-bistakoa da Gobernuaren utzikeria arlo horretan. Ez dute batere argi zer hizkuntza-eredu asmatu nahi duten. 2008ko aurrekontuetan, ikastetxeak eraikitzeko kontusaila % 30 murriztu da. UPNk eta PSNk, eskutik helduta, eragotzi dute aurrera atera dadin 0tik 3 urtera bitarteko hezkuntza zikloaren garapen integralerako ekimen oro. Nafarroako Unibertsitate Publikoko murrizketak ez du parerik: ehuneko 20 murriztu da 2009rako aurrekontua, eta horrek kolokan jartzen du haren bideragarritasuna. Murrizketa hori, inondik ere, inprobisazioari zor zaio, prestakuntzaren, ikerkuntzaren eta berrikuntzaren aldeko etorkizuneko apustu ezari, nahiz eta egoera berriaren aurrean horiek inoiz baino gehiago sendotu beharko liratekeen.


Euskarabidea sortu zuten, eta, jaio orduko, baliabiderik gabe utzi dute. Euskalerria Irratiak lizentzia lortu ahal izatea eragozten jarraitzen dute; herritarren hizkuntza-eskubideekiko errespetu ezak dirau, eta muzin egiten diote zenbait udalek eremu mistoan sartzeko eginiko eskaera espresari. UPNk eta PSNk ez dute oraindik azaldu zer kalte ekarriko lukeen Euskararen Legea aldatzeak.


FAMILIA, GAZTERIA, KIROLA ETA GIZARTE GAIAK


Hona azpimarratu beharreko gauza nabari bat: krisialdietan sustatu behar direla, inoiz ez bezala, gisa horretako zerbitzuak.


Izan ere, klase ertainaren erosteko ahalmena murrizten den neurrian, administrazioak pertsona horiei oinarrizko zerbitzuak emateko beharra areagotzen da, pobrezia-poltsetan erortzeko arriskua gerta baitaiteke zenbait kasutan. Baina nekez egingo zaio aurre egoerari, baldin eta Barne Produktu Gordinaren ehuneko 1,5 baizik ez bada horretara bideratzen. Ikaratzeko moduko datuak ari dira ezagutzen, ondokoa adibidez: Gaztelan edo Cáritas bezalako gizarte-entitateetan ia ehuneko 40 igo da laguntza eske doazenen kopurua.


 LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA ETXEBIZITZA


Gaur azken urtearen azterketa egiten ari bagara ere, Nafarroako eskuineko Gobernuak hamasei urte daramatza boterean, eta urteotan higiezinen burbuila –krisiaren abiarazleetako bat, alegia– sortzen lagundu du. Egoera jasanezin horretan, erreakzionatu zuen. Baina ez zuen ulertu arazoa ez dela etxebizitza gutxi egotea, baizik eta etxebizitza bat lortzea. Izan ere, 9.000 etxebizitza daude hutsik Iruñerrian. Etxebizitza-premia hor dago, eta arazoak okerrera egin du, hipoteka-mailegu bat lortzeko zailtasunaren erruz. Zuek, UPN-CDNko eta PSNko jaun-andreek, ez zenuten unibertsalizatu nahi izan etxebizitza bat lortzeko eskubidea, eta hori da, hain zuzen ere, plangintza publikoaren ikuspuntutik bermatu behar dena. Hau da, etxegileen interesa herritarren interesaren gainetik jartzen duzue.


LANDA GARAPENA, INGURUMENA ETA UDALAK


Landa-ingurunea ez da, ez, gobernu honen politika publikoetako lehentasunetako bat. Halatan, ingurunearen kontserbazioari egiten dion ekarpena gorabehera, ez du estrategikotzat jotzen nekazaritzako sektorea; aitzitik, mugaz bestaldekoa baino are okerrago dago, Frantziako erakundeek laguntzak ematen dituztelako ingurunea kontserbatzen laguntzeagatik.


Udalek itotze ekonomiko larria pairatzen dute, ez baitira Gobernuaren promesak bete. UPNk arlo horretan abiarazi dituen azken ekimenak kontinuistak izan dira, eta arazoak konpontzen lagundu beharrean gaizkoatzen dituzte.


KULTURA ETA TURISMOA


Hau de aurrekontu-murrizketaren biktimetako bat. Ez denez sekula ulertu berezko ondaretzat, baizik eta alferrikako osagaitzat, gobernu honek, joera berriei lotzeko gauza ez den gobernu honek, Kultura zigortzen du, 2009rako baliabideak ehuneko 20 jaitsita.


HERRI LANAK, GARRAIOAK ETA KOMUNIKAZIOAK


 Gobernu hau ez da lehenesteko gai izan Nafarroarentzat zein diren arlo honetan funtsezko azpiegiturak. Izan ere, Nafarroa 2012 Planean jasotako gehienak berandu iritsi dira.


BERRIKUNTZA, ENPRESA ETA ENPLEGUA


Krisiari aurre egiteko arlo estrategikoetako bat da honako hau, eta Foru Gobernua arlo honetan ari da erakusten gogo eta irizpide faltarik handiena. Estrategia bereki bat taxutu beharra dagoen honetan, edozein plangintzari begira lehen urrats bat baino ez da berrikuntzaren arloko eskumena eskuratzeko eskatzea, eta horrekin batera eskuratu gabe ditugun lan arloko gainerakoak. Baina gobernu honek ez du hori planteatu ere egiten. Nola utziko dugu Nafarroaren baliabideen esku ekonomia-atzeralditik ateratzeko ardura, baldin eta tresna horiek eskatu behar dituenak ez badu horiek kudeatu ahal izatea ere planteatzen?


NAFARROAREN ORAINALDI ETA ETORKIZUN EKONOMIKO ETA SOZIALA


Zuek ezin duzue burtsan baliabide publikoekin jokatzen jarraitu. Ezin duzue jarraitu erabiltzen Nafarroaren garapen ekonomiko eta sozialerako tresna publikoak, esate baterako SODENA, Iberdrolako akzioak erosteko, barazkiaren kongresua antolatzeko eta autopropagandarako erakusketak ordaintzeko.


Lehenbailehen aldatu beharra dago zuek taxututako eredu ekonomikoa. Krisi honetako sektorerik ahulenak, eraikuntzarenak, pisu nabarmena du Nafarroan. Sektore horrek 36.000 enplegatu ditu gaur egun, eta 3.000 pertsona langabezian. 2006 eta 2007an 30.000koa zen langile kopurua. Kalkulatu al duzue zenbat langabetu eragin dezakeen sektore horrek egoera honetan?


Kalkulatu al duzue zein den pertsona horien birziklatzeko gaitasuna? UPNk saritutako Enplegu Planak porrot egin du. Plan horrek bultzatutako lanbide heziketa gainbehera dator eta ez ditu helburuak betetzen. Agerikoa da estrategia horrek ez duela balio arazoak konpontzeko. Eutsiko al diozue?


Gobernu honen kudeaketa okerra egiaztatzeko, ikusi besterik ez daude Nafarroako Biztanleria Aktiboaren 2008ko hirugarren hiruhileko inkestako datuak.


4.800 pertsona gehiago dago langabezian. Langileek ez dute sentitzen administrazioaren babesa; izan ere, asteburuetarako eta aparteko orduetarako beharra zegoenean deitzen zieten enpresa berberak dira enplegu-erregulazioko espedienteak aurkezten ari direnak eta orain langileak babesik gabe abandonatzen ari direnak. Gero eta enplegu-erregulazioko espediente gehiago dago, eta langileak babesik gabe abandonatuta gelditzen dira. Egoera horretan daude ondoko enpresak: Storopack, Inepsa SA, José Ereño y CIE, Plásticos Brello, Osyma eta abar eta abar.


Nafarroa da, Estatuaren barruan, azken urteotan enpresa gehien galdu duen enpresa. Nola egingo diozue aurre horri?


Nafarroarentzat prestatu dituzuen aurrekontu orokorrak azkenak dira estatuan gastu-igoerari dagokionez, baldin eta gastu-igoeraz hitz egin badaiteke. Urruntzen ari gara beste erkidego batzuetatik: 7,6 baino gehiago Aragoitik eta 5,2 baino gehiago Euskal Autonomia Erkidegotik.


UPNko jaun-andreok, Nafarroa porru eginda uzten ari zarete.


Ez duzue behar adina gogo eta bizitasunik ekonomia, industria, gizarte eta enplegu arloko politikak egungo beharrizanetara eta etorkizuneko eredu ekonomikoaren inguruan nazioartean ireki den eztabaidara egokitzeko.


Zuen ezintasun politikoa eta Foru Komunitatean ezarri duzuen kaos eta nahasmen ekonomiko eta soziala ikusita, noiz eta une bereziki delikatu batean, Nafarroaren etorkizun ekonomikoari eta sistema publikoaren bermeari dagokienez, gure ustez egokiena, zuhurrena eta zintzoena da lehenbailehen hauteskundeetarako deia egin dezazuela.