Hezkuntza Batzordean Nafarroa Baiko bozeramalea de María Luisa Mangadok, Xabier Lasarekin (Berriozarko alkartea), Miguel Angel Zubiriarekin (Urdiaingo alkatea); Iosu Irazokirekin (Berako alkartea), eta Esther Lakastarekin (Iparraldeko Euskara Mankomunitateko presidentea) batera prentsaurreko bat eskaini du gaur goizean eta ondorengo komunikatua irakurri dute:
Nafarroako Gobernuari, Hezkuntza Departamentuari eta Euskarabideari:
Agiri hau izenpetzen dugun udalek adierazi nahi dugu kezka handiz hartu ditugula, batetik Nafarroako Gobernuak 2008. urteko euskararentzako kontu-sail batzuk blokeatu izana, bereziki komunikabideetan euskara sustatzeko diru-laguntzen deialdiari dagokiona; eta, bestetik, 2009. urterako Euskarabideko aurrekontuetan iragarri diren murrizketak.
Nafarroako Gobernuak bere aurrekontu orokorretan euskararentzat erabili duen diru-kopuruari errepartuz gero ohartzen gara 1992. urtetik hona kopuru hori ez del igo; izan ere, orduan lau milio euro bideratu zituen hizkuntza politikako zuzendaritzara, gaur egun dagoenaren antzekoa.
Euskarabidea sortzearekin batera beheranzko joera hori aldatuko zela uste genuen; baina, aitzitik, urtea bete den honetan agindutako dirua ere blokeaturik dagoela jakin dugu, eta iragarpenak gauzatuz gero, Euskarabideko aurrekontua 2009. urtean %25 txikiagoa izanen da. Nabarmentzekoa da, gainera, euskarazko komunikabideen diru-laguntzetan iragartzen diren murrizketak %96ra iristen direla.
Krisiari aurre egiteko neurri bezala aurkeztu zaizkigu aurrekontuaren blokeoa eta murrizketak. Hala ere, zergatik izan behar da beti Euskara kaltetuena? Nafarroako Parlamentuan onartutako aurrekontu orokorrean blokeatua %4 izan bada, euskarari dagokionez blokeoa %17koa izan da, eta kaltetuenen artean kaltetuenak Nafarroako Euskarazko Hedabideak izan dira, ez baita oraingoz horiek sustatzeko diru-laguntzen deialdirik egin.
Aurrekaririk ez duen egoera honek oso kinka larrian uzten ditu gure eskualdetako hedabideak; kontuan hartu behar da diru laguntza horiek urtero ematen direla, eta, aurtengo aurrekontuetan ere Gobernuak agindutako dirua denez, komunikabideek diru hori kontuan hartuz egin dituztela dagoeneko haien aurrekontuak eta gastuak.
Eta hedabide horiekin batera gure udalak ere kaltetuak izanen dira, gure ibarrak sozialki trinkotzeko tresna ezin hobea izateaz gain, hedabide horien lana funtsezkoa baita gure udalerrietako euskararen normalizazioan.
Horrelaxe ulertzen da Euskararen Legean berean, 27. artikuluan dioenean Administrazio Publikoek bultzatuko dutela “euskararen mailaz mailako presentzia komunikabide sozial publiko eta pribatuetan” eta horretarako “Nafarroako Gobernuak ekonomi eta materiale laguntza-planak gauzatuko” dituela.
Diru-laguntzarik ez emateko erabakia gauzatuz gero, beraz, Euskararen Legea urratuko da, baina baita aurrekontuen legea bera ere, 2008ko aurrekontuetan Nafarroako Parlamentuak 310.000 euroko kontu-sail bat onetsi baitzuen, urtero bezala, euskara erabiltzen duten komunikabideen artean banatzeko.
Diru-laguntzarik ez emateko erabakia gauzatuz gero, hedabide horien baliabideak murriztuko dira, batzuk desagertze bidean aurkituko dira, berez estua den langileen lan-egoera kolokan egonen da, eta gizarteari ematen dioten zerbitzua emateko ahalmena galduko dute neurri berean.
Euskararentzako aurrekontua murrizteko erabakia gauzatuz gero, gure udaletako hizkuntza-plangintzak ahulduko dira, eta oro har Nafarroako hizkuntza politika, berez eskasa dena euskararentzat, hutsaren hurrengo bihurtuko da.
Horrek guztiak gure udalentzat eragin negatiboa izenen du, bi alderditatik izan ere: batetik, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetako hutsuneak nekez bete ahalko ditugu udalen baliabide-ekonomiko mugatuekin; bestetik, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikaren okerrak nekez zuzendu ahalko ditugu gurea bezalako udal batek duen ahalmen mugatuarekin.
Hori guztia dela-eta, agiri hau izenpetzen dugun udalok honako hau eskatzen diegu Nafarroako Gobernuari, Hezkuntza Departamentuari eta Euskarabideari:
Ø 2008ko Aurrekontuen Legean onetsi bezala, euskara erabiltzen duten hedabideentzako diru-laguntzen deialdia aurten egin, eta agindutako 310.000 euroak euskarazko hedabideen artean bana ditzala.
Ø Euskararentzat eman ditzatela, Nafarroako berezko hizkuntza gisa, behar eta merezi dituen sustengu eta laguntzak, murrizketarik gabe, 2009ko aurrekontuetan ere.
Ondorengo Udalek izenpetzen dute testu hau: Imotz, Basaburua, Odieta, Anue, Goizueta, Leitza, Areso, Lekunberri, Larraun, Araitz, Betelu, Ziordia, Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Ergoiena, Arbizu, Arruazu, Lakuntza, Uharte, Irañeta, Arakil, Irurtzun, Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi, Arantza, Berriozar, Baztan, eta Aezkoako juntak.