Nafarroa Baik Barcinari exijitu dio kaleko musikarien kontrako isunak bertan behera utz ditzala
(2010/Urria/22)
   
 

Aritz Romeo Iruńeko Udaleko Nafarroa Baiko zinegotziak Yolanda Barcina alkateari exijitu dio “bertan behera utz dezala Udaltzaingoko arduradun politikoek kaleko musikariei isunak ezartzeko emandako agindua, eta era horretara, inoiz eman behar ez litzatekeen agindu batekin eta horrek sortutako egoerarekin amaitzeko”.




Koalizioko zinegotziak azaldu duenez, “kaleko musikariei eta hiriko kulturari zigorrak ezartze hori Yolanda Barcinaren eta Udaltzaingoaren ardura da, Simon Santamaria buru dela”. Romeoren arabera, “Udaltzaingoa hiritarren eta kultur adierazpenen kontra jartzearen ondorioz, Udaltzaingoa hiritarrengandik gero eta urrunduago dago”.


Nafarroa Baiko zinegotziak ohartarazi duenez, “Barcinak eta Santamariak ez dute normaltasun demokratikoaren barruan jokatzen, eta orain kulturaren, adierazpen askatasunaren eta batez ere, hiritarren sen onaren kontra ari dira, eta horren ondorioz, Udaltzaingoaren irudiaren eta etorkizunaren kontra ari dira”.


“Agindu horren jatorria Ordenantza Zibikoan dago, eta Nafarroa Baik bere garaian eskatu zuen hori indargabetzea”, gogoratu du Romeok. “Indargabetze eskaera hori ez zen onartua izan, PSNko zinegotziek abstentzioaren alde egin zutelako eta UPNk horren alde egin zuelako, era honetako egoerak ematea sorraraziz. NaBairen eskaerak aurrera egin izan balu, ez ginateke egoera zentzugabe honetan egongo, kultura zigortzen ari garelako. Legealdi osoan zehar PSNk Barcinari emandako txeke zuriak iruńearrentzat eta Udaltzaingoarentzat ondorio oso larriak dituela ondorioztatzen da, jasu honetan agerian geratu den bezala”.


Horregatik guztiagatik, Aritz Romeo Ana Elizalde Segurtasun zinegotziaren agerraldia eskatuko du, eta eskatuko dio azaltzeko musikariak zigortzeko aginduak zergatik jarraitzen duen indarrean. Era berean, Barcinari exijitzen dio agindua indargabetzeko eta kaleko musikariekin sortutako arazoekin amaitzeko.