Adituen eskuetan
 
   
 

Bixente Serrano Izko
Argia-astekaria, 2007ko Maiatzaren 13a


Ai duzu, amigo, honez gero. Gogoratzen al zara intuizio jenial hartaz? “Forulandia Forulandia da”. Metafisiko baten oihua, baina bere lokarri naturalak, genetikoak zituena: Foru-barrabilek aginduriko zerbait. Ba, hari horretatik tiraka, orain gutxi, aditu batek frogatu du genetikoki programaturik dagoela Forulandia bere gaurko horretan jarraitzeko, betirako; Foruen ADN katea neutroki eta zientifikoki aztertu ondoren, kalteak eta gaixotasunak, ahuldade gaindiezina baizik ez lukeela Forulandiak irabaziko euskal geneekin gurutzatuko balitu bereak. Zureak egin du, nahimena lehenetsi nahi badiozu naturari.


Ez nator, halere, Forulandiaz mintzatzera. Abiapuntu hutsa da, bertze saltsa batean sartzeko: teknikaz, teknokraziaz, ideologiaz, politikaz… alegia. Apunte bezala, aforismo kateatuen gisa aletu nahi ditut horren inguruko pentsamendu batzuk.


“Adituen esku dago etorkizuna”, erran zuen etsipenez Ernesto Sabatok, “uste ez dudan arren horrelako gauza bat harrotasun edo alegrantziaren zioa denik”. Izan ere, gehitzen dut nik: “Espezialistek, gehienez jota, etorkizun espeziala presta dezakete”.


Ideologia guztiek, zeinek berea zientifikoena izanen balitz bezala saltzeko joera duten. Are gehiago teknokraziak. Honentzat, teknika dugu gaurko teologia, egiaren mundu bakarra. Kexu agertu da horretaz Joxe Azurmendi: Modernitatea zientzian eta teknikan “fededuna izan den artean, ez da egon teknikaren filosofiarik, Erdi Aroan erlijioaren filosofiarik egon ez den bezalaxe”. Hari horri jarraikiz: “Gaur, filosofia, zerbait izatekotan, teknikaren neskame”.


Baina horretara ere ez gara oraindik iritsi, ideologikoki eta politikoki bakarrik balioetsi nahi delako teknika, hots, aginte-tresna gisa. Horrexegatik: “Inork ez dio teknokraziari ekiten helburu ideologikorik ez duelako, helburu bakarra duelako baizik”.



Barre egiten dio Joxe Azurmendik Ortegaren “diagnosi profetiko” bati, non ia guztiz gertagaitza baitzen teknokraziaren ezarpena, zeren, definizioz, teknikariak ezin baitu agindu eta, azken batean, ezta guztion buru gisa gauzak bideratu ere. Eskarmentu historikoa lekuko, bai bideratu gaituela guztiok hondamendira. Agintariak beti agintari, txarrak ala onak. Hortaz: “Teknikarien ezintasuna ez dago aginte-arloan, onerako agindu ezinean baizik”.


Zibilizazio tekniko huts honek ekarri digu teknokraziaren agintekeria. Jose Luis Sampedrok, Irakeko inbasioa gogoan, teknobasakeria izen efikaza eta mediatikoa jarri dio “ez buruan lumarik ezta zibilizazioan lekurik ere ez duten [inbasore] basati” horiek egin dutenari. Ez nau Sampedroren neologismoak gehiegi asetzen filosofikoki: “Teknozibilizazioa, askoz beldurgarriagoa basakeria baino”.


Arrazoizkotasuna dute beti ahoan teknokraziaren ideologoek bertze ideologia guztien kontra jotzeko. Arrazoimenaren arrazoiak, nahimenaren nahikerien aurrean. Chomskyk dioen bezala, “erantzun arrazionala” eta “ikuspuntu emozionala” aurrez aurre jartzen dituzte maltzurki. Aspaldian defendatu zuen Humek kontrakoa: “Pasioen esklabo da arrazoia, eta horrela izan behar”. Bertrand Russell ere horren alde, gizaki arrazoidun orok izenpetzen duelakoan Humeren esakunea. Neu ere hiruekin: “Euren nahikerien zerbitzura jartzen dute arrazoimena teknokratek”.


Halarik ere, neutroa omen da teknika, inpartziala. Bertzelako inpresioa dut nik: “Teknokraziaren inpartzialtasuna, etxeko arbitroenaren parekoa”.


Baina arrazoia dute akaso teknokratek: “Teknokrazia neutroa da, ez du batzuen alde eta bertzeen kontra jokatzen, guztion kontra baizik azken beltzean”.