Bixente Serrano Izko (Historialari eta idazlea)
Berria, 2007ko Maiatzaren 19a
Ohiko kontua da, hauteskunde giroan, esne-saltzailearen fabulaz oroitzea. Bai nork bere gustuko aukerarekiko lehiakideen esperantzen kontura barre egite aldera, bai nork bere itxaropenei halako zuhurtzia terapeutikoa aplikatze aldera. Dena den, hain konplexua denez giza psikologia, lehen kasuan -erran nahi baita, esneketariaren ametsen akabera tristea inork bere lehiakideren bati gogoratzen dionean- ez da zaila antzematea inor horren baitan ere fabulako neskaren ametsen lilurapena.
Ez nauzue fabula-generoaren zale. Moralista guztiek bezalaxe, irakurketa bakarra onartzen digute irakurleoi fabulagileek. Moralistak dira, berez, fabulagileak. Istorio narratzaile trebeak izan daitezke, biziak, freskoak, koloretsuak, liluragarriak..., baina alegiaren erakutsiak itotzen ditu balio literario horiek guztiak, moralistek proposaturiko irakurketa bakarraren zamapean. Holaxe gure Samaniego. Ez nuke erranen poeta denik, bai aldiz narratzaile ona bertsotan. Are, hain ona, non batzuetan narraziotik erakutsira zubian bederen, zirrikitu bat uzteko gai baita, narrazioaren amaiera zehaztu gabe uzteko alegia, «erran gabe doa istorioaren bukaera» erranen balio bezala irakurleari, horrek bere aise imajina dezan. Narratzaile-senak moralistarenari traizio halako bat eginez.
Horrela, kasurako, Esneketaria fabulan. Ez digu Samaniegok erraten neskak negar egiten duenik; narratzaileak berak egiten du negar neskaren kontura. Egia da, irakurle gehien-gehienen interpretazioa horixe da, neskaren malkoek sortzen dutelakoan poetaren errukia, segurik Samaniegoren asmoa bete-betean konplituz. Baina neskak berak negar egin ez balu ere, guztiz ulergarria litzateke narratzailearen tristura. Zergatik, bada, irakurleon sineste derrigortu hori esne-saltzaile ameslariaren malkoekin? Agian ez zuen negar egin, agian amets eztiaren arrastoak dastatzen gelditu zen neska, zergatik ez? Edo, agian bai, negar egin zuen, baina ez Samaniego moralistak irakurtzera behartu nahi izan gintuenarengatik, bertze gauza batengatik baizik: galdu ametsengatik ez, baizik eta «ene pegarra hautsi eta esnea isuri dudalako. / Horixe galdu dut, eta horrexegatik nire negarra. / Galdu ametsengatiko malkoak / galtzen ditugun malkoak dira, / eta ez ditut ene malkoak ere galdu nahi». Horrela interpretatu du, adibidez, bertze poeta batek, zeinaren izena ezin dudan azaldu, txinatar edo japoniar idazkera ideografikoan sinatu duelako interneten gaztelaniazko bere poema (euskaratzen ausartu naizena). Tira, bertze misterio bat, poeta horren izenarena, fabularen irakurketei gehitzeko, Samaniego moralistaren asmo argiegia gorabehera.
Baina hauteskundeen harira noa. Inkestak eta inkestak, esne-saltzaile batzuen ametsen eta bertzeen amesgaiztoen bazka. Inkesta bitxiak, gainera, aurreikuspenetan ez ezik, baita zein berandu ere atera dituzten haien kudeatzaile eta orraztaileek: batzuen ametsetarako are elikagai prometagarriago eta bertzeen amesgaiztoen igarle are beldurgarriago izan da atzerapena. Etorriko dira inkesta berriak, idazki hau argitaratu orduko edo hurrengo bizpahiru egunetan, kanpainako azken txanpa koloreztatuko dutenak. Haien aurreikuspenei baino gehiago, haien orrazkeraren seinaleei erreparatu beharko diegu, esne-saltzaile bakoitzaren ametsak edo amesgaiztoak haztatzeko, esneketari bakoitzaren E eguneko malkoak zergatik izanen ote diren susmatzeko: galdu ametsengatik, hortik aitzina amesgaiztoetan luzaro murgildu beharrarengatik, edo pozaren pozez...
Samaniego narratzaileak utzi zigun zirrikituaz baliatuz, ez dut uste hemen nauzuen honek negar eginen dudanik ametsetakoak galtzen baditut ere: amets eztiaren arrastoa, niretzat aski. Ala bai, agian, izen ideografikoko poeta horrek proposatu duen bezala, negar eginen dut, baina galdu ametsengatik ez, noizbait arnasa hartu ahal izateagatik baizik: noizbait batzuon ametsak bertzeen amesgaizto erreal bihurtzeko gai agertzeagatik. Nahikoa litzatekeena foru baratze honetan, ene ametsetakoak isuriko banitu ere, hurrengo egunean amets berrietan hasteko.
Inkesta bitxiak, aurreikuspenetan ez ezik, baita zein berandu ere atera dituzten haien kudeatzaile eta orraztaileek: batzuen ametsetarako are elikagai prometagarriago eta bertzeen amesgaiztoen igarle are beldurgarriago izan da atzerapena