Lau urte gehiago UPNrekin
 
   
 

Aingeru Epaltza
Berria, 2007ko Maiatzaren 22a


Nafarrendako doinu ezaguna zekarren maiatzaren 13an BERRIAk Herrialde Valentziarreko egoeraz argitaraturiko erreportajeak. «Lau urte gehiago PPrekin, eta Almansak eragin zituenak baino okerragoak izango dira ondorioak», zioen hartan El Temps aldizkariko Jaume Monzok. PP kendu eta UPN jarri, Almansaren ordez bertze edozein izen ezpainetara ekarri... Horra hemengo euskaltzale gehienen leloa, hondar hilabeteetan.  


Estatuko herri ttipietako literaturen topaketetan, Nafarroako euskal idazleok ahalegin gutxi egin behar izaten dugu egile valentziarrekin hitz eta pitz hasteko. Berehala aurkitzen ditugu elkarrenganako bideak zelaitzen dizkiguten gaiak. Elxeko poetarekin Donostiako nobelagilearekin baino errazago partekatzen dira zenbait gauza. Haiek ere, kontu batzuetan, aiseago sumatu izan ditut gurekin, ezen ez Bartzelonako izkribatzaileekin. Zertaz harriturik ez da. Historiak paradisu nazionalistatik kanpora utzi ez ezik, atari-zakur ankerrak ere ezarri dizkigu mugazain. Nork berea uxatzen duen egunarekin amets egin izan dugu, elkarrekin, gaueko ordu tikietan. Azkeneko hiru-lau urteetan, halako elkartze batean suertatu naizenetan, Nafarroa Bai izan dugu solas, haiek galdetuta.  


Nafarroa Bai, oroz gain, porrotaren kumea da. Hegoaldeko euskal herrialdeen batasun instituzionala gauzatu izan balitz, ez ginen horretan ibiliko. 2004a baino lehenago, begian lauso ez zuenak ikus zezakeen kale itsuan sartua zela abertzaleen estrategia Nafarroan. Batzuek «erakarmen gune» izendatu zuten EAE. Delako gunea, ordea, inoiz ez izaki Nafarroa erakartzeko bezain erakargarri. Bertze batzuen iduriz, borrokak -borroka armatuak, borroka erdi armatuak, borroka desarmatuak- ekarriko zuen bulego dotoreetan erdietsi ez zena. Mendebaldearekiko urruntasuna handitzea eta gure barne bazterketa eta ghettizazioa areagotzea, horra haien lorpen nagusia. Batzuek eta bertzeek zuloan sarraraziak gintuzten. Eta zulotik atera nahirik, zula eta zula ari ginen, gero eta lurperago, gero eta ilunpeagoan, argira gindoazelakoan. 


Putzuaren hondo-hondoan leporaino lokaztu behar izan dugu, betiko betikokerietan segitzea merezi ote zuen zinez aztertzen hasteko. UPNk bere esku suntsitzailea arlo guztietara luzatu arte ez gara ohartu jokoan, proiektu politiko bat ez ezik, euskaltzaletasunaren beraren iraupena ere zegoela hemen. Horrela nagusitu da, azkenik, gauzak bertzela egiteko nahikundea gu gehienengan.  


Nafarroa Bai, gogoetak baino areago, larrialdi egoera batek ernaldu du. Zenbaitetan sobera nabari zaio. Nabari, orobat, haien partaideen jatorri eta kultura politiko ezberdinak. Ezker alternatibotik kristau-demokraziaraino doan ortzadar koloretsua ez dakigu nola ibiliko den koherentziaz nortasun aferetatik egunerokoetara jauzi egitean. Inoiz gobernu bateko partaide bilakatzen bada, emanen du zer esana, ez beti onerako noski. Agian, jakinen dugu asmakizunari kontzen.  


Hasieran aipatu dudan erreportajean irakurri genuenez, Compromís pel País Valencià koalizioa izanen dute valentziarrek maiatzaren 27rako berritasun nagusia. Hango indar katalanzaleak -ez bereziki abertzaleak- bildurik, sozialistekin akordioa egin eta PP oposiziora igortzea dute amets. Bertzelako hizkuntza eta kultur politika egiteko, bertzelako hirigintza egiteko, bertzelako ingurumen politika egiteko. Ez dira lanez eskas ibiliko Països Catalans-en ur handietan sartu gabe.  


Nafarroa Bai ere ez da behialako erresuma Euskadiratzeko mugimendua. Euskadi Nafarroaratzeko ere ez. Horren gainean, hitz bakar bat ere ez dakar haren programak. Gauden gaudenean, izerdi dexente ateraraziko digu Hegoaldeko bi erkidegoak hurbiltze hutsak. Euskaltzaletasuna ghetto-tik ateratzen eta Foru Komunitateko bizi sozialean eragiten lagunduko balu, beteak leudeke harengan jarritako itxaropenen %90.  


Hogei-hogeita hamar urteren buruan ez dakit. Egun, nafar upelak ez du ardo gehiagorik ematen. Bada hala uste ez duenik. Entzun: zula eta zula ari da. Gero eta lurperago, gero eta ilunpeagoan, argira doalakoan.  


UPNk bere esku suntsitzailea arlo guztietara luzatu arte ez gara ohartu jokoan; proiektu politiko bat ez ezik, euskaltzaletasunaren beraren iraupena ere zegoela hemen. Horrela nagusitu da, azkenik, gauzak bertzela egiteko nahikundea gu gehienengan.