UPN nafar erara
 
   
 

Paula Kasares
Argia, 2007ko Ekainaren 24a


Ez da berria UPNk Nafarroako euskalkiei dien begikotasuna. UPNkoek tokiko euskal hizkerei dieten estimua agerian geratu da sarritan. Aipamen berezia urtetan UPNko presidente Jesus Aizpunek merezi du, nafarrera EAEn egiten den euskal hizkuntza bera ez dela erran, eta nafarreraren hizkuntzaren tasuna aldarrikatzera iritsi baitzen, horretarako pisuzko argudioa emanda: baztandar batek bere solaskeran eta bizkaitar batek berean, ez diote elkarri ulertzen. Halaxe azaldu beharko zion baztandarren batek Aizpuni ABC besapean Elizondon barna pasaian zebileneko batean, berak euskaraz ez baitzekien. Hori da kontua, trantsizio garaian UPNk euskal filologian trebatutako ideologorik izan balu, ziur asko nafarrera euskara ez izatea nahikari politikoa egia (sasi)linguistikoa bihurtuko zuten, Valentzian bertako katalanarekin gertatu bezala. 


Baina euskararen inguruan xelebrekeriak erratea beti izan omen zaie barkakizun UPNkoei. Nafarroako euskal mintzamoldeen balioa aldarrikatzen bere perla bota zuen bertze bat Vicente Etayo dugu. Iruńeko UPNko zinegotzia zelarik –duela bi legealdi, oroimenak huts egiten ez badit– Iruńeko euskalkia sustatzea proposatu zuen. Pena UPNkoak aspaldian azken hats eginda dagoena berpizten bizirik dagoena akabatzen bezain trebeak ez izatea, zeren orain duela mende bat inguru azken hiztuna galdu zuen hego goi-nafarreraren suspertzearen aitzinean baikeundeke. 


Baina aurrekoak motz geratu dira Pedro Pegenauteren euskalki zaletasun sutsuaren aldean. Irakurri baino ez dugu egin behar Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiaren hitzak Baztan solasean. Ahozko tradizioaren bilduma liburuaren aurkezpenean: “Euskal hizkuntza bakarraz mintzatzea, batua soilik aipatzen dutenek egiten dutena, errealitatea bera ukatzea da eta horiek ezin izanen dute inoiz lortu, genozidio linguistikorik eragin ezean. (…) Gauzak horrela, eremu euskalduneko nafarrek, euskararen aldagai dialektalak ikasi, garatu eta erabiltzeagatik –euskalkien iraupen eta etorkizunarengatik–, ez al zuten ikastetxeetan haiek sartzearen aldeko jarrera hartu behar, inolako konplexurik eta beldurrik gabe, haren suntsipena nahi dutenengandik etorriko diren eta etorriko liratekeen erresistentziak gailenduz? Baina horren alde borrokatu behar da”. Zuzendari nagusiaren hitzak nafarreradunondako hunkigarriak lirateke zinismo ariketa hutsa ez balira. Pegenauteren euskalki zaletasunari esker Pello Urquiolaren Nere hitze bertsoatan Leitzako euskaraz idatzitako liburu xenofobo, homofobo eta ikastolen kontrakoa Nafarroako eskola eta herri liburutegi guztietan izanen dugu diru publikoz ordainduta. 


Pegenauteri –UPNri bezala– Nafarroako euskalkiek axola diete batuaren aurkako tresna izan daitezkeen aldetik soilik. Egun Nafarroan euskalkien aldeko eta batuaren aurkako diskurtso instituzionala euskararen kontrako bertze mozorro bat baino ez da. Finean, euskalkiak sustatzeko lehen bidea hiztunei erabiltzeko aukerak ematea da, baina ez txokokeria etnografikoaren nostalgiaz hiztunei nafar hizkelki jatorra mintzo direla sinestarazita, noranahiko baliagarria den hizkuntza baten jabe direla sinestarazita baizik. Horixe da arriskua UPNrendako, hizkuntzaren bidez geure burua atzematen dugula. Andaluzierazko Idazleen Batzordeak (Hunta d'ehkritoreh en andalú) idatzi bezala: “Pa rematä la faéna, no podémö orbiä, k´er rëppéto a nuëttra çingulä manéra d´ablä, bá kondiçionä çin remédio lo ke pençémö lö andalúçë de noçótrö mďmmö”. Kendu andalúçë, paratu nabarrö, eta horixe eta bera.